Argentina

ELAk elkartasuna adierazi du Argentinako lan erreformaren aurkako mobilizazioarekin

2025/12/17
ELAk elkartasuna adierazi du Argentinako lan erreformaren aurkako mobilizazioarekin
ELAk bere elkartasuna adierazi du Argentinako hiru sindikatuek (CTA-A, CTA-T eta CGT) datorren abenduaren 18an Buenos Airesen Javier Mileiren Gobernuak bultzatutako lan-erreformaren proiektuaren kontra deitu duten mobilizazioari. Era berean, gobernu ultra honek bere eskubideen aurka ezarri nahi duen eraso bortitz honen aurrean, Argentinako langileriaren borrokari babes osoa adierazi dio.

Argentinako Gobernuaren lan-legeria aldatzeko proposamenen multzoa, ezartzekotan, atzerapen larria izango litzateke lan-eskubideetan, justizia sozialean eta langileen antolaketan; eta soldata baxuetan eta lan-prekarietatean oinarritutako ereduan sakonduko luke. Estrategia horrek patronalen posizioa indartuko luke, eta sortutako aberastasuna enpresetan eta errenta altuenetan gero eta gehiago kontzentratzea ahalbidetuko luke; langileak hilaren amaierara iristeko borrokan ari diren bitartean.

Proiektu berri honek lan-harremanen ia dimentsio guztietan eragiten du eta, kasu guztietan, enplegatzaileen posizioa indartzen du. Lan-harremanak modernizatzeko aitzakiarekin, erreformak kalte ugari eragiten ditu, eta horien artean nabarmentzen dira, besteak beste: langileen antolaketa kolektiboaren eta askatasun sindikalaren aurkako erasoa; negoziazio kolektiboaren ahultzea; gizarte-segurantzako sistemaren eta obra sozial sindikalen finantzaketa galtzea; eta Lan Kontratuari buruzko Legearen babesak desegitea.

Proiektuak lan-harremanak indibidualizatu nahi ditu. Adibidez, ordu-banku edo bestelako lanaldi malguak ezartzen ditu. Era berean, terziarizazioa egiteko erraztasun handiagoak ematen ditu, behin-behineko langileak ordezkari sindikal izateko debekua ezartzen du, gaixotasun edo istripu errugabe baten ondoren lanera itzultzen diren langileen soldata murrizteko aukera ematen du, kaleratzeagatiko kalte-ordaina murrizten du eta zuzenbide erkidean oinarritutako ekintza judizialen sustapena mugatzen du. Aldaketa horiek, gainera, patronalaren aurrezkia dakarte aparteko orduak, kalte-ordainak edo langileak ekintza judizial baten ondorioz sortutako beste karga batzuk ordaintzean.

Mundu osoko langileen eskubideen eta interesen aurkako eraso olde baten lekuko gara, eta gure erantzunak indartsua izan behar du eta izango da. Langileek bizitza hobe baten eta etorkizun duin baten alde borrokatzeko borondatea dutela botere ekonomiko eta politikoari erakusteko, mobilizazioa eta greba beharrezko erantzunak dira.

Hainbeste aldiz kalera irten eta borroka eta erresistentziaren eredu izan den argentinar herria, abenduaren 18an mobilizatzera itzuliko da langile argentinarrek konkistatutako eskubide historikoen aurkako eraso hau geldiarazteko. Egun horretan, eta denetan, ELAren babesa izango dute. Une honetan nazioarteko elkartasuna borroka berberak partekatzen ditugunon artean zein garrantzitsua den jabetuta, Euskal Herritik gure elkartasun osoa adierazten dugu mobilizazio egun honetan.

Zuen borroka gure borroka ere bada!