Lanbide Heziketa Dualaren Fake-a
Badirudi, beraz, Gimeno Kontseilariak dioen "paradigma berria" ezartzerako orduan zailtasunak aurkitu dituela. Jakin badakigu, hala ere, ez duela sekula onartuko gauzak ez direla ongi egin Departamentuaren aldetik, hau da, LH Dual Fake baten aurrean gaudela.
Irakasleek hiru eguneko greba-dinamika aurrera eraman zuten; izan ere, enpresan egin beharreko egonaldien bikoitza kudeatu behar zuten eta, to sorpresa, horretara bideratutako saioen erdia baino gutxiago izanda. Gainera, eredu eredu berriaren praktikak eta zaharrekoak uztartu behar zituzten, ospetsua egin den Lan Zentruetako Formazioa, LZFa edo, hobe esanda, Lan Zentruetako Fake-a, ez baitzen irakasleentzat horretara bideratutako saiorik aurreikusten.
Familiak eta ikasleak Parlamentuan izan ziren duela gutxi, zentzugabekeria hori guztia azaltzen, ikastetxean bizitzen ari denari buruzko testigantza sinesgarriak emanez, Hezkuntzak zabaltzen dituen makro datu interesatuetatik urrun.
Kontseilariaren kabineteak ahalegin handiak egiten jarraitzen du errealitate hori guztia ezkutatzeko. Besteak beste, honako hau adierazi du: "Lanbide Heziketako ikasleen ia % 100, egiteke dagoen Lan Zentruetako Formazioa hartuta, enpresetan sartzen da. Lan Zentruetako Formazio modulua bakarrik gainditu behar zuten 500 bat ikasle nafarrek praktikak amaitu dituzte edo urtarrilean hasiko dira". Inplizituki onartu du beraz, ikasle batzuek bigarren hiruhilekoan oraindik ez dituztela irailean abiatu beharreko praktikak hasi.
Bitartean, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek osatzen duten Nafarroako Gobernuak aurrekontuak onartu zituen, EH Bilduren babesarekin, eta Hezkuntzan egindako inbertsioa ez da BPGren % 4ra iristen, Gobernuaren beraren akordioan %5ekoa izan behar zuela adostuta daukaten arren.
Hori guztia gutxi ez balitz, Kontseilariak ikasturteari hasiera eman nahi izan zion Nafarroa, bi egunez, Espainiako lanbide heziketa dualaren epizentroa bihurtuko zela salduz, eta Foro FP 2030 horretatik bere burua ezabatu behar izan zuen, irakasleek planto egin baitzioten bere harrokeriari, aipatu 3 eguneko greba tarteko. Izatekotan, geroago etorri den lurrikararen epizentroa izan zen Nafarroa. Departamentuak hiru instrukzio zuzenketa argitaratu behar izan ditu eta zentroei agindu ezberdinak eman behar izan dizkio ikasturtea behin hasita. Inprobisazioa, estropezuak eta adabakiak jaun eta jabe Lanbide Heziketaren kudeaketan.
Urtarrilaren 24an, hezkuntzaren nazioarteko egunean, gehiengo sindikalak, LHko irakasleekin batera, elkarretaratzea egin genuen, arazoak oraindik ere badirautela gogorarazteko eta mobilizatzen jarraituko dugula adierazteko. ELAk ez du onartuko Hezkuntzak gutxietsi gaitzan. Ikasturtea oilarkeriaz hasi zuen, ondoren ostrukarena egin eta orain noraezean dabil burua galdu duen oilaskoaren gisa.
Ez diezaiola gero leporatu ELAri bultzatzen jarraituko dituen grebak bidegabeak direla ikasleentzat; izan ere, erantzukizuna ez da inoiz izango zerbitzu publiko duin baten alde borrokatzen dutenena, zerbitzu hori kudeatzeaz arduratzen direnena baizik, hezkuntzaren habian beharrezkoak diren arrautzak ez jartzeagatik.