Energia berriztagarriak sortu eta autokontsumitzeko Dekretua onartu da

2019/05/06
Energia berriztagarriak sortu eta autokontsumitzeko Dekretua onartu da
Norberak bere energia berriztagarriak sortu eta kontsumitu ahal izatea pausu garrantzitsua izango da energiaren demokrazia bermatzeko eta klima aldaketaren aurkako borrokatzeko.

2019ko apirilaren 5ean Ministroen Kontseiluak energiaren autokontsumoa arautzen duen dekretua onartu zuen. Aurreko araudia oso murriztailea zen eta traba administratibo handiak jartzen zituen bakoitzak bere energia sortu eta kontsumitzeko orduan. Oraingo dekretuak, ordea, bideragarriagoa egiten du autokontsumoa, nahiz eta oraindik ere sistema demokratizatzeko urrats gehiago behar diren.

Dekretu honek bidea irekitzen die autokontsumorako instalazio txikiei, eta baita instalazio kolektiboei ere, adibidez, auzokoen artean energia sortu eta kontsumitzeko etxebizitza blokeetan jarri daitezkeen instalazio txikiei. Hau pausu garrantzitsua da populazioaren %65 etxebizitza blokeetan bizi den herrialde batean. Enpresa txikienetan ere energia berriztagarria sortu eta kontsumitu ahal izango dute.

Energia berriztagarrien garapena eta klima aldaketaren aurkako borrokan neurriak eskatzen ditugunean administrazio publikoetan ezarri daitezkeen instalazioak aldarrikatzen ditugu sarritan. Dekretu honek, ordea, ez ditu instalazio mota hauek laguntzen, kontsumo tentsio ertainera eta handira loturiko eraikinak, ikastetxe eta kiroldegiak adibidez, kanpo uzten baititu. Hortaz, aukera oso ona galdu da administrazioak energia sortu eta pobrezia energetikoan dauden familiei laguntzeko. Izan ere, autokontsumorako instalazio txiki hauek erabiliko ez duten energia sarera berbideratu ahal izango dute eta energia hau fakturetan deskontatu ahal izango da. Deskontu hauek beharra duten familiei aplikatzea administrazioarentzat tresna egokia lirateke pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Gainera autokontsumoaren tramite administratiboak asko sinplifikatu dira, orain ez da beharrezkoa jarduera ekonomiko gisa deklaratzea, ezta beste tramite administratibo ugari egitea ere, beraz eskuragarriagoa izango da autokontsumoaren bideari ekitea.

Energiaren inguruko legedia gobernuen arabera aldatu egiten da, eta ondorioz, aurreko legealdietan eginiko inbertsioak eta apustuak askotan arauditik kanpo geratzen dira. Beraz, orain ziurtatu dezatela autokontsumoa posible izango dela dagoen gobernua egonda ere, bestela ezer gutxi aldatuko duen neurria izango da.