Sortzen den enplegua gero eta prekarioagoa
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako iraileko datuek Hego Euskal Herrian 196.665 pertsona langabezia egoeran izen emanda daudela zehazten dute: 155.422 lagun Euskal Autonomi Erkidegokoak dira eta beste 41.243ak Nafarroako Foru Erkidegokoak.
Hori dela eta, langabeziak era apalean egin du behera, aurreko hilabetean baino 871 pertsona gutxiago baitaude langabezian erregistraturik. Joera berbera izan da bi erkidegoetan (EAEn langabe kopurua 347 pertsonatan jaitsi da eta Nafarroan 524tan).
Gazteen langabeziari dagokionez, 14.552 gazte langabe daude HEHn (4.017 Nafarroan eta 10.535 EAEn); abuztuarekin alteratu ezkero, gazteen langabeziak bi lurraldeotan egin du gora (guztira 748 gazte gehio daude langabe).
Kontratazioari dagokionez, datuek kezkagarriak izaten jarraitzen dute: irailean egindako kontratu mugagabeak 8.439 izan ziren eta behin-behinekoak 117.295; beraz, egindako kontratuen %93,3a epe baterako kontratuak izan dira, eta soilik %6,7a mugagabeak. Gazteen kasuan, kontratazioaren %94,9a tenporala da.
Argitaratu diren datu berrienak ikuskatuz, Hego Euskal Herriko langabezi tasa %15,2an kokatzen da (gazteen kasuan %38,8an) eta azken hilabeteetako joerak ez gaitu Europar Batasuneko azken postuetatik mugitzen, ehuneko altuenetakoak baititugu (Europako batezbesteko langabezi maila %9,6koa baita, eta gazteena %20,7koa). Prekarietateari dagokionez ere, Europako egoera makalenetako dugu ere.
Hori dela eta, argi geratzen da egoera oso larria dela oraindik ere, langabezia maila jasangaitzekin eta prekarietate maila altuegiekin. Gainera, BPGaren hazkudea egon arren, ez da aberastasunaren banaketa justurik ematen eta ez da ia enplegurik sortzen, eta sortzen den enplegua oso murritza izateaz gain, gero eta prekarioagoa da.