OSAKIDETZA

Bost greba egunekin bukatuko den mobilizazio txanda hasi da

Bost greba egunekin bukatuko den mobilizazio txanda hasi da
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ohartarazi dute gaur egindako elkarretaratzeak mobilizazio eta greba dinamika baten hasiera direla. "Proposamen zehatzik gabeko hitz hutsen bidea" agortuta dagoela uste dute.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazioei ekin diete Osakidetzan, euskal osasun publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Dinamika berri honen lehenengo kontzentrazioak gaur goizean egin dira, 11:00etan, ospitaleetan; eta 13:00ean, EAE osoko osasun zentroetan. Horietan Osakidetzako eremu eta kategoria desberdinetako profesionalek parte hartu dute. Kontzentrazio horien ondoren, urriaren 30erako eta abenduaren 9, 10, 11 eta 14rako deitutako greba egunak etorriko dira, baita laster iragarriko diren ekintza eta mobilizazio berriak ere.

Sindikatuek ohartarazi dute langileak nekatuta dagoela itxaroteaz eta "proposamen zehatzik gabeko hits hutsen bidea" agortuta dagoela.

Langileen plantoa

SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk uste dute mobilizazioek agerian uzten dutela Osakidetzako langileen artean dagoen ezinegon sakona, lan baldintzak eguneratzea premiazkoa baita.

Hauek dira, besteak beste, langileen aldarrikapenak: ordainsariak hobetzea; lanaldia murriztea eta hobetzea; benetako aurrerapenak lizentzietan eta baimenetan; enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea; plantillak indartzea; belaunaldi erreleboari aurre egiteko neurriak; asistentzia gainkarga murriztea; hobekuntzak lan osasunean eta kontziliazioan; berdintasun eraginkorra eta euskaraz lan egiteko bermeak.

Negoziazio plantak

Era berean, Osakidetzari eskatu diote benetako edukia eman diezaiola negoziazio kolektiboari.

"Bilerak deitzea ez da negoziatzea. Negoziatzeak dakar proposamenak mahai gainean jartzea, hobekuntzak planteatzea, aldarrikapenak entzutea eta akordioak lortzeko prest egotea esan", azpimarratu dute.

Osakidetza bere osotasunean hobetzea

SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk azpimarratu dute mobilizazio dinamika horrek ez diela erantzuten kolektibo bakar baten aldarrikapenei. Helburua da langile guztien eskubideak errespetatzea eta herritarren beharrei erantzuteko gai den osasun eredu publikoa defendatzea.

"Kolektibo guztiak ezinbestekoak dira Osakidetzak funtziona dezan. Hobekuntzak ezin dira plantillaren zati batera mugatu, ezta lanbide batzuk beste batzuekin aurrez aurre jarriz eraiki ere. Taldeak indartu eta bertan lan egiten duten pertsona guztien baldintzak hobetu behar ditugu ", defendatu dute.

Horregatik, lan baldintzen akordioa osorik eguneratzea eskatzen dute, profesional guztientzako hobekuntzak eginez, eta plantillaren beharrizanak aztertzea, egiturazko defizitak identifikatu, ordezkapenak bermatu eta belaunaldien arteko erreleboari aurre egin ahal izateko.

Era berean, aparteko orduen mendekotasuna eta autokontzertazioa pixkanaka murriztuko dituen eredu baterantz aurrera egitea eskatzen dute, Osakidetzaren egitura arazoen ohiko erantzun gisa.

H
alaber, elkarte eta plataformei, eragile sozialei eta alderdi politikoei mobilizazioekin bat egin dezaten eskatu diete, Osakidetza indartsua, irisgarria eta kalitatezkoa lortzeko.