Lanbiderako Eusko Jaurlaritzak egindako prposamena eskasa da

2015/09/08
Aurreakordio zirriborroak ez du inolako zehaztasunik eta LPZa (Lanpostuen Zerrenda), aurretiaz langileen ordezkariei inolako jakinarazpenik egin gabe onartu da.

Pasa den ostiralean, Irailak 4, Gobernuak Lanbiderako hirugarren “aurreakordio” proposamena helarazi zigun langileen ordezkariei posta elektroniko bidez.

Aurreko bi proposamenekin gertatzen zen bezalaxe, hirugarren proposamen honek ere zehatz gabetasunez betea jarraitzen du, bai organismo autonomoko kolektibo desberdinetako langileak izango duten egoerari dagokionez, bai eta egoera bakoitzari Gobernuak emango dion “irtenbideei” dagokienez ere. Horregatik, egungo dokumentuaren erredakzioa kontuan izanda, ELAren ustez Gobernuak bidalitako proposamena erabat urria da eta zehatzgabetasunez beteta dago; hau dela eta ez du gure babesik izango.

Horrela jakinaraziko diogu Gobernuari Irailean zehar izango dugun hurrengo negoziazio mahaian; ELA, negoziazio mahai horretara joan joango da, prozesuaren “hasieratik” egin duen moduan. Puntu honetan, eta zenbait komunikabideek diotenaren aurka, ELAk garbi utzi nahi du inoiz ez dela negoziazio prozesutik aldendu, eta deitua izan den bilera guztietara joateaz gain, negoziazio prozesu osoan zehar parte hartze aktiboa izan duela proposamen ugari mahaigaineratuz. ELAtik azpimarratu nahi dugu, zenbait mediok emandako informazioa ez dela zuzena, ez bakarrik ELAk negoziazio prozesu honetan izan duen parte hartzearen inguruan, baita Gobernuak onartu berri duen LPZaren inguruan ere, izan ere onartua izan den LPZak duen lanpostu kopuruaren inguruko informazioa bera ere ez baita zuzena (918 lanpostu ditu, eta ez 950 medio batzuek jaso bezala).

Bestalde, Lanbideko LPZaren onarpenaren berri, komunikabideen bitartez izan dugu; Honek zalantzak sortzen dizkigu Gobernuak negoziazio prozesu honetan duen fede onaren inguruan, ELAtik behin eta berriro eskatu baitiogu negoziazio prozesua amaitu arte behin betiko Lanpostu zerrendarik ez onartzeko.

Halere, Lanbideko langileen eskubideen defentsa helburu, ELAk hasieratik azaleratu dituen aldarrikapenak mahai gainean jarriko ditugu berriro ere, aldarrikapen hauek Enplegu Plan batean jasoak izan baitaitezke,Gobernuak berak azken proposamen honetan jaso duen moduan