ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA (IRUN)

Lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena sinatu dute

2026/06/04
Lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena sinatu dute
Lau hilabeteko negoziazioaren ondoren, zerbitzuko 55 langileek soldatak, lanaldia eta eskubide sozialak hobetuko dituen hitzarmena sinatu dute.

Irungo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko 55 langileek hitzarmen kolektibo berria sinatu dute gaur, lau hilabeteko negoziazio prozesuaren ondoren. Akordioak aurrerapauso garrantzitsuak ekarriko ditu langileen lan baldintzetan.

Lortutako hitzarmenari esker, etxez etxeko laguntzaileek urtean 27.000 eurotik gorako soldata jasoko dute. Horrez gain, lanaldia murriztuko da, norberaren gaietarako lau egun izango dituzte, eta hainbat osagarritan hobekuntzak ezarri dira, hala nola jaiegun berezietako plusetan, kilometrajean, guardietan eta giltzen kudeaketan.

Akordioak lizentzia eta baimenetan ere hobekuntzak jasotzen ditu, besteak beste, mediku kontsultetara joateko ordu gehiago izateko aukera.

Lan osasunari dagokionez, enpresak urtebeteko epean arrisku psikosozialen ebaluazioa egiteko konpromisoa hartu du, CoPsoQ-istas21 metodologiaren bidez.

Era berean, euskararen erabilera sustatzeko neurriak bultzatuko dira, eta langile berriek, urtebeteko antzinatasuna bete ondoren, bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna eskuratzeko aukera izango dute.

Langileen esanetan, hitzarmen berriak euren lana aitortzeko eta lan baldintzak hobetzeko urrats garrantzitsua dakar.