2025ean 62 langile hil ziren lan istripuetan, prekaritatearen ondorioz
ELAren erregistroen arabera, 2025an 62 lan heriotz izan ziren Hego Euskal Herrian, 35 EAEn eta 27 Nafarroan. Istripu hauetatik 15 Bizkaian gertatu dira, 11 Gipuzkoan, 9 Araban eta 27 Nafarroan. 2024ko datuekin alderatuta, Araban eta Nafarroan lan istripu hilgarriak nabarmen igo dira; aldiz, Bizkaian eta Gipuzkoan jeitsi egin dira.
2025. urtean iturri ofizialek, ordea, lan istripuen kopuruak beherantz egin duela nabarmentzen dute. Osalanen arabera, EAEn baja eragin duten lan-istripu guztietatik %95 istripu arinak izan dira; 166 larri moduan izendatu dituzte, eta 27 heriotz izan dira. 2024ko datuekin alderatuta, istripu arinak eta larriak gutxitu egin dira eta heriotzak berriz, aurreko urtearen kopuru berdina izan dira. Laneko gaixotasunei dagokienez, 2025ean EAEn, aurreko urtean baino %11,3 lan-gaixotasun jakinarazpen gehiago egin ziren.
Nafarroari dagokionez, iturri ofizialek lan istripuak oro har igo egin direla nabarmentzen dute, batez ere istripu arinak. Istripu larrietan eta lan heriotzetan jaitsiera izan da, bereziki heriotzen kasuan, 2024.urtearekin alderatuta, erdia; 22tik 11ra.
Datu horien aurrean, ELAk salatu du langile klaseak ezbehar-tasa handia izaten jarraitzen duela. Urtero dozenaka pertsona hiltzen dira laneko istripuen eta gaixotasunen ondorioz; kopuru "onartezina" da, eta horren atzean prekaritatea dago: azpikontratazioa, lan-erritmo altuak, baliabide teknikoetan eta giza baliabideetan inbertsiorik ez izatea, informazio eta prestakuntza falta...
Bien bitartean, lan-osasunera bideratutako gastu publikoa EAEko eta Nafarroako aurrekontu osoaren % 0,01 baino ez da. ELAren arabera, laneko heriotzak ez dira lehentasun politikoa Eusko Jaurlaritzarentzat, ezta Nafarroako Gobernuarentzat ere, ez baitituzte horiek saihesteko neurriak hartzen enpresek prebentzio arloko araudia sistematikoki urratzen dutenean.
Egoeraren larritasuna ikusita, EAEko eta Nafarroako gobernuei hurrengo neurriak exijitzen dizkie ELAk:
- Lantokietako osasun eta prebentzio neurrien jarraipen egokia egiteko, ezinbestekoa da Osalan/ISPLN eta Lan Ikuskaritzako langileak Europako batez bestekoarekin parekatzea.
- Mutuak eta prebentzio-zerbitzuak publifikatu behar ditugu.
- Altueran erortzeko arriskua duten enpresen eta harrapatzeko edo elementu kantzerigeno eta mutagenoekin lan egiteko arriskua duten jardueren kontrol eta jarraipen ekintza gehiago egitea eskatzen dugu, araudia betetzen dela egiaztatu dadin.
- Prebentzio-arloan zigorren bat jaso duten enpresekin kontratatzeko debekua.
- EHko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko eskaera