ELAk exijitzen du Administrazioetan kaleratze ugari bultzatzen dituen dekretua atzera botatzea: urte askotan enpleguaren aurkako erasorik bortitzena delako
ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak langile publikoen kaleratze ugari bultzatzen ari dela, inolako mozorrorik gabe, Mahai Orokorrean aurkeztutako dekretuaren bidez. Bertan, kaleratzeak egiteko arrazoien artean aurrekontuekin zerikusia dutenak sartu nahi ditu, edozein kontratatua noiznahi kaleratzeko asmoan. Hau da, Nafarroako Administrazio Publikoen arduradun bakoitzak (udaletxeak...) kontratatu nahi adina kaleratu ahal ditzan.
Nafarroako Gobernuan 6.000 bat langile daude egoera horretan, eta Administrazio guztiak gehitzen badira, 10.000 inguru izan daitezke. Gainera, Barcinaren Gobernuak “kontratu kopuru handia aldi berean” murriztuko duela iragarri du dekretuan bertan, langile publikoen kaleratze ugari egingo dituela mehatxupean. Horretarako, tokian tokiko arduradun politikoaren erabakia nahikoa izanen da, eta kaleratzeak NAOn agertuko dira, oztopo gehiagorik gabe.
Hori gutxi balitz, Nafarroako Gobernuak indarrean dauden kontratu administratibo guztiak alda ditzazke, eta lanaldi osoa egiten dutenei lanaldi murriztua inposatu ahalko die, inolako negoziazio edo akordiorik gabe. Azkenik, eta gizartea era maltzurki batean nahasteko asmoarekin, “lan banaketaren aldeko neurria” dela iragarri du Barcinak. Ez da egia: orain arte salbuespena zen lanaldi murriztua inposatu nahi du modu orokorrean.
Zalantzarik gabe, aurrekaririk gabeko prekarizazioa da, aldebakarreko inposizioa, eta azken egunotan iragarritakoaz inolako aztarnarik gabe (langileen borondatea, “18.000 euro baino gehiagoko soldatetan aplikatuko lukeela...”). Gogorarazi behar da Moderna Planaren funtsezko ideia gauzatu nahi dutela: Administrazioetan enplegua suntsitzea. Helburu hori espresuki zegoen iragarrita ELAk salatu zuen arte.
Azken finean, hainbat hamarkadatan ezagutu dugun enplegu eta langile publikoen aurkako erasorik bortitzena da, kaleratze ugari, minisoldatak eta kontratu murriztu eta prekarioei atea irekitzen dielako, beti ere, Gobernu erabakien arabera. ELAk exijitzen du dekretua atzera botatzea ahalik eta lasterren; basakeria hau gelditzeko langileen mobilizazioa ezinbestekoa dela azpimarratu behar da. Neurri hau nahikoa litzateke Administrazioan greba bat deitzeko, greba orokorra deituta ez balego jada. Beste arrazoi bat maiatzak 30ean kalera ateratzeko, eta Nafarroako Parlamentuak azkar ekiteko, enplegua suntsitzen duen dekretu hau bertan behera geratze aldera.