EAEko Goi-Auzitegiak bere irizpideari eutsi dio: urteko 20 eguneko kalteordaina aldi baterako langileentzat

2016/10/26
EAEko Goi-Auzitegiko Lan-Arloko Aretoak eutsi egin dio Europako Justizia Auzitegiaren epaiei buruzko irizpideari, aldi baterako enplegua dutenek jaso beharreko kalteordainei dagokienez. Aurreko epaia urriaren 18an eman zen ezagutzera.

Oraingo honetan ere 20 eguneko kalteordaina ezarri du lan edo zerbitzu jakin baterako kontratua amaitu denean; kasua atezaintza-, garbitasun- eta mantenu-zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa pribatu batean gertatu da. Aurrekoa bezala, kasu hau ere ELAko zerbitzu juridikoek defenditu dute.

ELAk epai honi oso ondo deritzo, eta auzitegietan defenditu egingo du europar epaiak aplikatzen jarraitzea, hala kalteordainen inguruko auzietan, nola lege-iruzurreko kontratuei dagozkionetan.