Eusko Jaurlaritza

Administrazio Orokorreko hiru orduko lanuztearen jarraipena zabala izan da

2026/06/16
Administrazio Orokorreko hiru orduko lanuztearen jarraipena zabala izan da
Langile askok bat egin dute EAEko hiru herrialdeetan ELAk eta LABek deitutako lanuztearekin, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote eduki errealak jar ditzala duela 16 urte baino gehiago iraungitako hitzarmena berritzeko. Horregatik, negoziaketetan aurrerapausorik egon ezean eta langileek mobilizazioei eman dioten babesa ikusita, ELAk adierazi du sektorean greba dinamika areagotzearen alde egingo duela.

Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko 7.000 langile askok bat egin dute ELA eta LAB sindikatuek deitutako hiru orduko lanuztearekin. Lanuztean zehar, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako, Bilboko eta Gasteizko egoitzetan elkarretaratu dira langileak.

Eusko Jaurlaritzako langileek 16 urte daramatzate hitzarmena berritu gabe. Hori dela eta, urte hauetan, %20 inguruko erosahalmenaren galera izan dute; beste esparru batzuetan lanaldia murriztu den bitartean, administrazio orokorrean 25 urtez ez da murrizketarik eman; eta adinagatiko neurrietan murrizketa larriak eman dira hitzarmenean jasota egon arren. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak langile guztiei erretiro-primak eta laboralei txanda-kontratua zein erretiro partziala aldebakarrez kendu die.

Hori dela eta, langileek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote bere menpe dauden beste esparru batzuetan egin duen bezala (Hezkuntza, Justizia, Ertzaintza), lan baldintzak hobetzeko eduki errealak jar ditzala, duela 16 urte iraungitako hitzarmena berritu dezala eta inolako eduki errealik gabeko bilerak egiteari utz diezaiola.

Eduki erreal horiek honako hauek izan behar dute:

  • Galdutako erosahalmena berreskuratzea.

  • Astean 32 orduko jardunaldia ezartzea.

  • Hitzarmenean jasota dauden gazteberritzeko neurriak bete ditzala. Erretiroko primak eta errelebo kontratua.

  • Euskaraz lan egiteko eta zerbitzua euskaraz jasotzeko neurri eraginkorrak.

  • Kontziliazio erreala bermatuko duten neurriak eta ordutegiak.

  • Benetako neurriak lan osasunean. Azterketa medikoak, adibidez, nekez egiten dira.

Hala, ELAk beste behin egiaztatu du mobilizaziorik gabe euskal administrazio publikoan aldaketa pentsaezina dela, Eusko Jaurlaritza ez baitago prest bere langileen lan baldintzak hobetzeko bere ekimenez. Horren erakusgarri dira, hain zuzen ere, hitzarmen honek negoziatu gabe daramatzan 16 urteak.