ISRAELI BOIKOTA

Israelekin harreman guztiak eteteko eskatu die ofizialki ELAk Pradales eta Chiviteren gobernuei

Israelekin harreman guztiak eteteko eskatu die ofizialki ELAk Pradales eta Chiviteren gobernuei
Estatu sionistarekin egindako kontratu instituzional eta komertzialei buruzko informazio-eskaera formalak erregistratu ditu ELAk Lakuan eta Iruñean. Antzeko kanpaina bat jarriko du abian Hego Euskal Herriko ehunka enpresatan.

ELA, CIG eta Intersindical de Catalunya sindikatuek Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako gobernuei eta Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari eskatu diete Israelgo estatu genozidarekin harreman militarrak, komertzialak eta diplomatikoak haustea; gobernuek eta enpresek ez diote ezer erosi edo saldu behar Israeli. ELAk, CIGek eta Intersindikalak Palestinako herriak bere lurralde osoan duen autodeterminazio eskubidea defendatzen dute, baita Israelek apartheid eta lurren okupazio sistema bertan behera uztea ere. Aldarrikapen horiek partekatzen dituzte hiru erakundeek urriaren 15eko 4 orduko lanuzte orokorraren deialdi bateratuan (lanaldi osoa Hezkuntzan).

Ildo horretan, ELAk gogorarazi du Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta Euskal Herriko enpresek erantzukizuna dutela egoera horretan. NBEren arabera, Israelen okupazio-ekonomiari etekina ateratzen dion enpresa-azpiegitura "genozidio ekonomia" bihurtu da.

Beraz, ezinbestekoa da erabateko arma-enbargoa ezartzea; merkataritza- eta inbertsio-akordioak etetea; eta enpresei erantzukizunak eskatzea nazioarteko zuzenbidea urratzeagatik.

Horregatik guztiagatik, ELAk informazio-eskaera formalak egin ditu Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan Israelekin dituzten harreman eta kontratu komertzial edo instituzionalen berri edukitzeko, eta berehala bertan behera uzteko eskatu du. Erregistroa ELAko ordezkaritza batek egin zuen, Lakuan, Igor Eizagirre, Gizalan-Zerbitzu Publikoetako idazkari nagusiak, eta Iruñean Saioa Urrizak, Iruñerriko arduradunak, eta Izai Bujandak, Gizalan-Nafarroako arduradunak.

Gainera, ELAk antzeko ekimen bat jarri du martxan, datozen asteetan EAEko eta Nafarroako ehunka enpresara eramango duena.

“Genozidioa gelditzea premiazkoa da, baina baita Israelek lurrak usurpatzen jarrai dezan eragoztea ere, bertako biztanleak lekuz aldatuz, apartheid egitura sozialak aplikatuz eta herri oso bat jazarriz”, dio sindikatuak. Horregatik, nazioarteko zuzenbidea aplikatzea exijitu du, bereziki herrien autodeterminazio-eskubidea aplikatzea Palestina osoan, Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino, errefuxiatu guztien itzulerarako eskubidea bermatuz.