Aste honetan beteko dituzte 50 egunez greban Bizkaiko zahar-etxeetan
Grebak lortutako erantzunari dagokionez, esan behar dugu nabarmena izan dela, nahiz eta ezarritako gutxieneko zerbitzuen helburua ezin argiagoa izan: greba indargabetzea eta gatazka ezkutatzea, zeren askotan langileen oso portzentaje handia greba-eskubiderik gabe geratu da, batez ere, egoitza txikietan, non langile guztiak gutxieneko zerbitzuetan sartu dituzten. Egoitza ertain eta handietan, greba egiteko aukera izan duten tokietan, langile gehien-gehienek jarraitu diote grebari, eta joera goraka doa, gero eta langile gehiago eta egoitza gehiago agertzen dira grebaren alde. Mobilizazio eta gizarteratze-ekitaldietan ere parte hartzea oso handia izan da.
Oso ondo jotzen dugu, baita ere, senideek emandako pausoa. Beharrezkoa da senideen batasuna eta antolamendua, zeren haien borroka eta gurea bat bera da. Bai langileek, bai senideek kalitatezko arreta eskatzen dugu zahar etxeetako erabiltzaileentzat.
Bestalde, sektoreko patronalen jarrera eta Bizkaiko Foru Aldundiarena salatu beharrez gaude.
Sektoreko patronalek (LARES, ELBE eta GESCA) proposamen bat aurkeztu zuten urriaren 4an, baina sindikatuei begirune galtze eta arduragabekeria iruditu zitzaien. Harez geroztik ez dute berriro bilerarik egin sindikatuekin. Orain dela hilabete sindikatuen eskariz egindako bilera hartan zera proposatu zuten: 6 euro baino gutxiagoko soldata-igoera eta 2 orduko lanaldi-murrizketa.
Patronalak oso eroso sentitzen dira, diru publikoaren kontura ateratzen dituzten etekin itzelak kudeatuz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean. Bestela, zelan ulertu daiteke, azken bileratik hona eta 50 eguneko greba baten ostean, guri negoziatzera deitu ez izana?
Gizarte Ongizateko Sailarekin ere bilera bakarra izan dugu. Orduan, jota harriturik geratu ginen Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa entzutean; izan ere, plaza/prezioa %2,5 jaitsi gura dute itunpeko ia 3.000 oheetan, 81 eurotik 79ra. Hori hala bada, ondorio larriak ekarriko ditu, zeren prezioaren jaitsierak eragin zuzena du zerbitzuaren kalitatean eta langileen lan-baldintzetan. Erabaki horrek enkistatu egingo zuen lan- eta gizarte-gatazka hau.
Hori esanda, guk aurrera jarraituko dugu borroka honetan gure eskakizunak plazaratuz, hau da, ratioak hobetzeko diru-sail nahikoak bideratzeko, zentroetako pertsonala ugaltzeko, eta langileei lan-baldintza duinak aitortzeko erreklamatuz.
Grebaren aste honetan zenbait mobilizazio bultzatuko dugu. Bihar, asteartea, elkarretaratze bat egingo dugu foru jauregiaren aurrean; eta ostegunean hiru zutabeko manifestazioa, Bilboko auzo desberdinetatik abiatuko dira zutabeak eta bat egingo dute Foru Aldundian.