Zer gertatu da COP30 Klimaren Goi Bileran?
Brasilen Nazio Batuen Erakundeko Klimaren Goibilera, COP30a, ospatu berri da. Munduko herrialde gehienak elkartzen diren nazioarteko negoziaketa marko honetan, hurrengo urteetan klima aldaketa geldiarazteko neurriak hartzea izan da helburua, beste behin ere.
Goibilera hasi aurretik Nazio Batuek mundu mailako berotegi efektuko emisioen datuak argitaratu zituzten, egoeraren larritasuna agerian utziz: 2024an 57,7 GtCO2b (gigatona karbono dioxido baliokide) isuri ziren munduan. 2023an isuri ziren 56,3 GtCO2b baino %2,3 gehiago. Aurreko hamarkadan urteko isurien batez bestekoa 53,3 GtCO2b izan zen. Emisioek etengabe egiten dute gora. Isurien %73 erregai fosilen errekuntzak eragin du 2024an eta energia sorkuntzak emisioen %27a suposatu du.
G20ko herrialdeak dira isuri gehien eragin dituztenak, 35 GtCO2b. Askok oraindik ez dituzte beraien emisio konpromisoak eguneratu eta NBEk aurreratu du ez direla 2030erako emisio murrizketa helburuak beteko, eta ondorioz, munduaren tenperatuta igoerak 1,5ºCak gaindituko ditu.
Egoera hain larria izan arren, COP30ean ez da ezustekorik izan. Erregai fosilak baztertzeko konpromisoak hartzea eta inor atzean utziko ez duen trantsizioa bultzatzea ziren COP30aren helburu nagusiak. Baina kale egin dute aurten ere.
Belem-en ospatu den goibilera historiako opakoena izan dela ere salatu dute bertan izan diren hainbat eragileek. Brasilgo presidentetzak ez ditu publiko egin negoziatzen ari ziren testuak, beti egin ohi den bezala. Debate publikoa negoziaketetatik kanpo utzi nahi izan du eta ez da gai izan justizia klimatikoan aurrera egitea bermatuko zuen azken erabaki justu bat hartzeko, azken unean aldatu ezin zitekeen testu bakar bat aurkeztuz. Erregai fosilen aipamen faltagatik eta adaptazio neurrietan koherentzi faltagatik Kolonbia eta Panamak azken testuari betoa ezarri arren, Brasilgo presidentziak ezeko hauek kontuan hartu ez, eta gainera, testua onartutzat eman dute. Arabiar herrialdeen, Errusiaren eta interes berak dituzten beste herrialde batzuen presioagatik ez dira erregai fosilak aipatzen, baina herrialde Latinoamerikarren kexkak ordea ez dira kontuan izan.
Aurtengo helburua finantziazio egokia, eta pertsonak eta ekosistemak erdigunean jarriko zituzten erregai fosilekin eta deforestazioarekin bukatzeko bideorriak zehaztea ziren. Hau ez da lortu, COP30ean adostutako testua oso kaskarra izan baita. Ez ditu erregai fosilak aipatu ere egiten. Eta finantziazioari dagokionez ihazko konpromiso berak ageri dira. Aurrerapenik ez beraz.
Eman den aurrerapen bakarra gizarte zibilak, sindikatuak barne, aurkeztu duen trantsizio justurako mekanismo berri bat onartzea izan da, BAM (Belém Action Mechanism) deiturikoa. Hala ere, mekanismo hau martxan jartzea gutxienez bi urtez atzeratuko da Europar Batasunak mekanismo hau onartzeko jarri duen blokeoagatik. BAM honek aurreko akordioak soilik aipatzen ditu soilik, Ipar-Hego finantzaketan eta emisio murrizketetan neurri justu eta orekatuak hartzeko gaitasuna mugatua du eta hurrengo urteetan zehaztu beharko da gehiago.
Goibilera honetan aurrerapenak izango zirela aurreikusten zuten batzuk, planetaren tenperatura 1,5ºCtan mantentzeko behar diren neurriak eta orain arte harturikoen artean dagoen arrakala itxiko zela, baina oraingoan ere ez da hala izan. Mundu osoko gobernuek beraien interes propioak aurretik jarri dituzte pertsona guztion bizitzak arriskuan jarriz.