Gipuzkoako Aldundiak azpikontratetako lan baldintzak bermatzeko tresna onartu du

2014/10/22
Zalantzarik gabe esan daiteke orain arte araututa zegoenaren aldean aurrerapausoa eman duela gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta ekimen honi buruz ELAk balorazio positiboa egin du.

Erosketa publiko sozialki arduratsuari buruzko edukiak jasotzen dituen arau foralaren onarpena bozkatu da gaur.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur azpikontratetako langileen lan baldintzak (subrogazioa, lan hitzarmena, etab.) bermatu ahal izateko tresna baliagarria izan daitekeen arau forala onartu du. Langileen baldintzak pleguetan jasotzeaz gain beste hainbat gai interesgarri ere jasotzen du: lana aurkitzeko arazoak dituzten kolektiboentzat kontratuen erreserba, euskararen presentzia areagotzeko klausulak, emakumeen eskubideak hobeto bermatzeko eskakizunak, bidezko merkataritzaren ingurukoak, ingurumenaren aldekoak, etab.

Zalantzarik gabe esan daiteke orain arte araututa zegoenaren aldean aurrerapausoa eman duela Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta ekimen honi buruz ELAk balorazio positiboa egin du. Hala ere, aipatu dugun bezala, tresna baino ez da onartu; orain egunez egun Foru Aldundiak bere departamenduen bidez egiten dituen esleipen publikoetan Batzar Nagusiek onartutakoa egikaritzea dagokio. Bestela borondate oneko arau forala izateaz gain efektu gutxi izango du eguneroko errealitatean.

Beraz, ELAk gaur onartutakoa gauza dadin exijituko du, eta horrenbestez Gipuzkoako Foru Aldundiari Arau Forala hitzez hitz betearazteko behar besteko baliabide tekniko eta ekonomikoak jar ditzala eskatzen dio.

Bestalde, alderdi politikoei, batez ere EAJri, galdera publiko bat luzatu nahi diegu: Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutakoaren antzeko aldarrikapenak jasotzen dituen Herritarren Ekimen Legegilea (Gasteizko Legebiltzarrean tramitatzen ari dena) zergatik oztopatzen du? Gipuzkoako azpikontratetako langileek merezi dituzten bermeak ez al dituzte merezi Eusko Jaurlaritzarentzat azpikontrataturik lan egiten duten milaka eta milaka langilek?