ELAk exijitu du obretako ez-betetzeen kontrol publikoa handitzeko
59 urteko langile bat atzo eguerdian hil zen Donostiako metroko obretan, Gipuzkoan, makina batek harrapatuta geratu ondoren. Operarioak EXBASA enpresarentzat egiten zuen lan, UTE Superestructura Lugaritz-Easo azpikontratistarentzat, eta honek, aldi berean, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak kontratatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren menpeko entitatea, tren azpiegituren eraikuntza, kudeaketa eta mantentzeaz arduratzen dena.
Horren aurrean, lehenik eta behin, ELAk bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die hildako langilearen gertuko pertsonei eta lankideei. Era berean, Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatzen die ikerketa sakon bat egiteko, ahalik eta lasterren, istripuaren arrazoiak eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko.
ELAk behin eta berriz salatu izan ditu Donostiako metroaren eraikuntzan lan egiten duten plantillen lan-baldintza eskasak, beheranzko lizitazioen eta gauzatzeko epe murritzen ondorioz, segurtasun-neurrien gabezia eta ez-betetzeak eman izan direlako. Praktika horiek ohikoak izaten ari dira Gipuzkoako obra publikoetan, non urteetan zehar lehentasuna eman zaion AHT, Anoeta, Musikene eta Tabakalera bezalako azpiegitura handietan inbertsio publikoa egiteari, horien eraikitze-lanetan ari diren pertsonen segurtasun-baldintzei erreparatu gabe, azken hauek azpikontratazioaren eta pribatizazioaren bidez prekarietatera kondenatuz.
ELAk gogorarazi du erantzukizuna ez dela azpikontratatzen, eta laneko ezbehar-tasen igoerak lotura zuzena duela onura ekonomikoak lan eta bizi-baldintzen aurretik jartzeko logika neoliberalarekin. Horregatik, dei egiten du ekainaren 19an, ostirala, 11:30ean, Donostiako Metroaren obren aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzera, Donostiako Metroaren obretako ez-betetzeen kontrol publikoa areagotzea exijitu, eta Eusko Jaurlaritzari eta ETSri azpikontratetako plantillen segurtasuna bermatzeko eskatzeko.