Fiskalitate arloan aldaketa sakonak eskatzen ditu ELAk
Mintegiaren lehen jardunaldian, UPV-EHUko irakasle diren Ignacio Zubirik eta Lourdes Sernak hitz egin dute. Besteak beste, euskal fiskalitatea, zeharkako zergak eta iruzur soziala aztertu dituzte, baita paradisu fiskalen eragina eta hauek desegiteko aukerak ere.
Ignacio Zubirik azpimarratu du zerbitzu eta prestazio publiko hobeak behar direla uste duen edonork, zergak igo beharko liratekeela uste duela. Horretarako, garrantzizkoa deritzo instituzioek zeharkako zergen eskumena izatearen alde borrokatzea, orain hauen gaineko % 5a besterik ez baita erabakitzen. Era berean esan du inork enpresek zergak ez ordaintzeko katalogoa egin nahi badu, hemengo Sozietateen gaineko Zergari erreparatzeko. Zentzu honetan, iruzurrik egiten ez duten errenta bakarrak lanekoak direla baieztatu du.
Bere aldetik, Lourdes Sernak iruzur fiskalean oinarritu du bere saioa. Honen inguruan iruzur fiskalak dauzkan ondorio negatibo zuzenak aipatu ditu, hala nola berdintasunean, agente ekonomikoen arteko distortsioan, eta diru-bilketan eta, beraz, zerbitzu publikoetan duen eragina. Iruzurraren aurka egiteko, heziketa fiskalean eta kontzienziazioan sakondu behar dela aipatu du, baita bitarteko gehiago ezarri, ikuskaritza sistemak hobetu eta kontrol fiskala areagotu ere.
Bigarren egunean, hausnarketa egingo da eskumen-markoaz, hizlariak Mercedes Vallejo doktorea, Mikel Aranburu nafar Ogasuneko ikuskaria eta Maria Pazos Instituto de Estudios Fiscales-eko arduraduna izango direlarik.
Mintegi honetan, ELAk fiskalitate arloan dituen alternatiben berri emango du. Besteak beste, iruzur fiskalaren jazarpenerako neurriak eta PFEZ egitura justuagoa, kapital-errentei ematen zaien pribilegiozko tratua amai dadin eskatzen du.
ELAren aburuz beharrezkoa da enpresak dituzten kenkari fiskal erregresiboak mailaka ezabatzea; izan ere, zerga-sistema eta haren kontrola zaildu eta oztopatzeaz gain, kenkari horien ondorioz egungo tasa efektiboa nominalaren erdia bakarrik da. Era honetan, sozietateen gaineko zergaren gutxienezko tributazio efektiboa % 24koa izan beharko litzatekeela azpimarratu du.
Iruzur fiskalaren aurkako borrokan kuskaritza mailak areagotu behar direla aipatzen du Hau da, soldatatik ez datozen errenta guztiak ikuskatu behar dira gehienez ere 4 urteko epean. Horretarako beharrezkoa den giza baliabideen hazkundea aurreikusi eta epe zehatzak jarri hau betetzeko.