Eusko Jaurlaritzak berriro ere bizkar eman die langileen ordezkariei unibertsitatera sarrera frogak lantzeko
Beste behin ere komunikabideen bidez jakin du ELAk Eusko Jaurlaritza hezkuntza eragile ezberdinekin elkartuko dela unibertsitatera sarrera frogen inguruan hitz egiteko, berriro ere sindikatuak alde batera utzita. Bileran PISA frogen emaitzen hausnarketa eta hartu daitezkeen neurrien inguruan ere hitz egiteko asmoa duela jakin dugu
ELArentzat guztiz onartezina da gure jendartea eta hezkuntza sistema egituratu eta arautzeko hain garrantzitsuak diren proiektuetan langileen ordezkariak kontutan ez hartzea edota bigarren mailako parte-hartzea ematea eta gobernuaren asmoen berri komunikabideen bidez izatea honetan jakitea.
ELAren ustez sindikatuak alde batera utzi nahi izate honekin Eusko Jaurlaritzak LOMCEri eta EAEn ditugun hezkuntza beharrei moduren batean aurre egiten ari dionaren itxura eman nahi du, sindikatuok behin eta berriro plazaratu ditugun eskaera eta aldarrikapenak lausotuz. Modu honetan jokatuz Hezkuntza Sailak LOMCEren, Heziberriren, murrizketen edota gure hezkuntza beharren inguruko bere jarrera eta ematen ari den pausoen inguruko kritikak isil arazi nahi ditu eta betoa jarri nahi die, bere bidean hezkuntza komunitatearen adostasuna duenaren itxura eman asmoz.
Hau honela, LOMCEa bezalako eraso izugarriei modu eraginkorrean aurre egiteko eta hezkuntza sistema egituratzeko hain garrantzitsuak diren proiektuen aurrean ELAk Eusko Jaurlaritzari hezkuntza sistemaren ardatz nagusietako bat diren langileen ordezkarien eta hezkuntza eragile guztien benetako parte hartze demokratikoa eta adostasun zabalak eskatzen dizkio.