ELAk memoria demokratikoarekiko eta Euskal Errepublikarekiko konpromisoa berretsi du
Urteurren honetan, ELAk memoria demokratikoarekiko eta Euskal Errepublikarekiko konpromisoa berretsi du. Sindikatuarentzat, urteurrena oinarrizko eskubideen eta askatasunen alde borrokatu zirenak aitortzeko eta gaurko euskal jendartearen eta langile klasearen beharrei erantzuteko konpromisoa indartzeko aukera da.
ELAk 1936ko urriaren 1ean onartutako Estatutuaren eta urriaren 7an eratutako gobernuaren garrantzia historikoa aitortzen du, eta horregatik, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia Gernikako ekitaldian egongo da, ELAko gaurko eta orduko afiliatuak ordezkatzeko. 1931ko Lizarrako Estatutu proiektuak, autonomia prozesuaren abiapuntuak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa biltzen zituen. 1932ko Iruñeko udal batzarrean estatutuaren aurka izandako maniobra politiko eta irregulartasunek Nafarroa prozesutik kanpo uztea ekarri bazuten ere, gerran hiru herrialdeentzat onartutako Estatutuak eta lehen Jaurlaritzak nortasun propioa babestu eta autogobernua artikulatzeko urrats garrantzitsua ekarri zuten.
Estatutua eta gobernua kolpe militar faxistaren ondorengo larrialdiak eta gerrak baldintzatutako tresnak ziren. Kontzentrazioko lehen Jaurlaritzak demokrazia, askatasuna, euskal kultura, autogobernua eta herritarren bizitza defendatzeko ardura hartu zuen. ELAk instituzio propioak babestu eta langile-klasearen eskubideen defentsan eta faxismoaren aurka aktiboki jardun zuen.
ELAko militanteak San Andres batailoia osatu eta beste batailoi batzuetan ere borrokatu ziren. Sindikatuak aitortza berezia egin die hildako, eraildako, torturatutako, espetxeratutako eta erbestera edo klandestinitatera behartutako militanteei, baita demokraziaren eta eskubide politiko eta sozialen alde borrokatu ziren guztiei ere. Baita, memoria horren parte diren Ipar Euskal Herriko herritarrei ere, lehen Jaurlaritzako kideei, ELAko zuzendaritza eta militanteei eta beste erbesteratuei emandako babes eta elkartasunagatik.
Eskuin muturraren gorakadari nola aurre egin
Egungo eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko, ELAk ezinbestekotzat jotzen du kapitalismoak hedatutako eta eskuin muturra elikatzen duten prekaritatea, desberdintasunak eta babes sozialaren ahultzea gainditzea. Justizia sozialean eta burujabetzan aurrera egiteko politika zehatzak eta ezkerreko aliantza politiko eta sozialak behar dira. “Hauteskundeetako taktiketatik harago, oker estrategikoa eta pedagogia kaltegarria da egoera hori eragin duten politika neoliberalen bultzatzaileekin aliantzak edo kontzentrazio koalizioak irtenbidetzat aurkeztea. Horrek auzi nazionalean zein sozialean eraldaketarako aukerak zapuzten ditu”, dio.
Horren aurrean, ELAk aberastasuna modu bidezkoan banatzea, zerbitzu publikoak indartzea, etxebizitza eta zaintza bermatzea eta euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea gauzatzea oinarri dituen alternatiba defendatzen du. Helburu horiek lortzeko, hemen erabakitzeko tresna politiko, ekonomiko eta kultural propioak behar ditugu, bereziki Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua. “Azken hamarkadek agerian utzi dute burujabetzan aurrera egiteko aldebikotasunaren aldeko apustuaren porrota: gure erabakitzeko ahalmena estatuen adostasunaren menpe uzteak haien betoa betikotzen du”, adierazi du. ELAk herri antolakuntzan eta indar harremana aldatzean oinarritutako aldebakarreko estrategia defendatzen du, lan- eta bizi- baldintzak hobetzeko eta burujabetza soziala eta politikoa batera eraikitzeko.
Bide horretan kokatzen du ELAk Euskal Errepublikaren aldeko apustua. Langileen antolakuntzak, haien beharrei erantzuten dieten alternatibek eta borrokan irabazitako gehiengo sozialek ematen diote edukia eta indarra. Horiek sendotu eta estatuen blokeoei konfrontazio demokratikoz aurre egiteko, sindikatu honek bide hori partekatzen duten eragile sindikal, sozial eta politikoekin aliantzak sustatuko ditu, bakoitzaren autonomia errespetatuz.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren alde borrokatu zirenen memoria bizirik mantenduz, ELAk gaurko eskubideetan, justizia sozialean eta burujabetzan aurrera egiteko konpromisoa berretsi du, Euskal Errepublika sozialista, feminista, antirrazista, ekologikoki iraunkorra eta euskalduna eraikitzeko bidean.