Martxoaren 17ko Greba Orokorra erregistratu dute sindikatuek
Sindikatuek salatu dute azken urteotan soldatek ez dutela bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan, eta horrek langileen bizi-baldintzak nabarmen kaskartu dituela. Testuinguru horretan, gutxieneko soldata duin baten beharra premiazkoa dela azpimarratu dute, eta horregatik aldarrikatu dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa, hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua. Proposamen honek zuzenean 74.000 langileren egoera hobetuko luke Nafarroa Garaian. Eta LGS altuago batek negoziazio kolektiboa baldintzatzen du soldata igoera handiagoak adostu daitezen.
Era berean, sindikatuek gogorarazi dute gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Nafarroatik urrun hartzen direla gaur egun, langileen eguneroko beharretatik eta gure herriaren ezaugarrietatik aldenduta. Horren aurrean, erabakitzeko ahalmena hemen izatea funtsezkoa dela defendatu dute, lan-harremanetan burujabetzaren bidean urratsak emateko helburuz.
Gutxieneko soldata propioa lortzeko bidean, sindikatuek bi bide landu dituzte: Batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio-mahaia irekitzeko saiakera eginez. Bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, sindikatuek herri ekimen legegilea bultzatu dute, eta horren alde 18.000 baino gehiagoko sinadura jaso zituzten Nafarroan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezarri ahal izateko. Bi bideak blokeatu dituzte CEN patronalak eta euren mesedera lerrokatu diren UGT eta CCOO sindikatuek (EAEn gutxieneko gutxienek soldata propio baten aldarrikapena babesten duten sindikatu berdinak) eta Nafarroako Gobernuak. Era berean, sindikatuen iritziz hirugarren bide bat ireki beharra dago, eta ezinbestekoa da gutxieneko soldataren afera Nafarroan estatus juridiko-politikoaren berrikuntzan (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko ponentzian) ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea.
Horren aurrean, sindikatuek argi adierazi dute CEN patronalak eta bai Nafarroako Gobernuak erantzukizun zuzena dutela gaur egungo egoeran. Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea borondate politiko kontua dela azpimarratu dute.
Martxoaren 17ko greba orokorraren bidez soldatak hobetzea eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa exijituko dituzte sindikatuek, azken urteetan enpresen eta kapitalaren irabaziak handitu diren bitartean langileek galera izan dutela salatuz. Grebak, halaber, lan-harremanen esparruan erabakitzeko ahalmena hemen izateko beharra mahai gainean jarriko du. Eta greba honek ere herritarren parte-hartze demokratikoaren alde jotzen du, hilabete gutxi batzuetan milaka pertsonen nahiari muzin egin eta eztabaida irekitzeari uko egin dieten Nafarroako Gobernua, CEN, UGT eta CCOO eragileen autoritarismoa salatzeko.
Greba Orokorra tresna kolektibo eta legitimoa da patronala eta instituzioak interpelatzeko, eta langile guztiei dei egiten diete mobilizazioarekin bat egitera. Datozen asteetan, grebaren arrazoiak eta helburuak azaltzen eta lantzen jarraituko dute, lan zentroz lan zentro eta auzo eta herrietan antolatuko dituzten ekimen eta batzarren bidez.