ELAk ez du kaleratzerik sinatuko TRWn, ezta hitzarmen berria ere

2016/02/24
ELAren iritziz TRWko 123 langileren balizko kaleratzeak gauzatzeko ez dago inolako arrazoirik; ez dago hori justifikatzeko zio ekonomiko, organizatibo edo produktiborik. Kontutan izan behar da TRW Automotive España S.L.Uk azken bost urteetan 140,8 milioi euroko emaitza positiboak izan dituela.

Kaleratzeez gainera, zuzendaritzak erabat erregresiboa litzatekeen lan-hitzarmen berri bat sinatzea nahi du (soldatak izoztu, baja egoerak zigortu…). Hitzarmen berrian lanaldia luzatu eta malgutasuna gehituko litzateke; horrela multinazionalaren argudioa, hots, lan-karga arazoa dagoela, goitik behera etorriko litzateke: TRWk dioen moduan lanik ez badago, zertarako luzatu behar da lanaldia eta malgutasuna areagotu?

Halaber, ELAk salatu du TRWko langileei egin dieten xantaia posible izan dela 2010etik aurrera PPk, PSOEk eta UPNk bozkatu dituzten erreforma laboralak eta negoziazio kolektibokoak medio.

Azkenik, sindikatu honek TRWko langileekiko elkartasuna adierazi nahi du, eta lanpostu guztiei eusten saiatuko dela, ahal den era guztietara.