SIDENOR ESPARRU AKORDIOA

ELAk uko egin dio UGTk, CCOOk eta USOk sinatutako aurreakordioari

ELAk uko egin dio UGTk, CCOOk eta USOk sinatutako aurreakordioari
ELAk salatu du sei urteko indarraldia izango duen itunak ez duela Basauriko eta Gasteizko plantilletako langileen erosteko ahalmena bermatzen, enpresak milioika euroko irabaziak izan dituen arren.

ELAk uko egin dio UGTk, CCOOk eta USOk Sidenor Aceros Especiales enpresako Esparru Akordioa berritzeko adostutako aurreakordioari. Sindikatuak azaldu duenez, itunak langileen interesen aurka egiten du, eta kritikatu du ez duela haien erosteko ahalmena bermatzen aurreikusitako sei urteko indarraldian.

Sidenor Aceros Especiales enpresak ia 128 milioi euroko irabaziak lortu zituen 2022tik 2025era bitartean, eta horietatik 55 milioi euro dibidenduen banaketara bideratu zituen. Testuinguru horretan, ELAk zalantzan jarri ditu aurreakordio berriaren baldintzak, eta gogorarazi du 2021etik 2026ra bitartean indarrean egon den aurreko Esparru Akordioak ere erosteko ahalmenaren galera handia eragin diela langileei.

Aurtengo negoziazioetan, ELAk defendatu zuen elkarrizketak lantegi bakoitzean egitea, prozesua akordio komun baten bidez zentralizatu beharrean. Sindikatuak salatu du Esparru Akordioak enpresaren zuzendaritzari egiten diola mesede nagusiki, eta langileen pobretzea dakarrela.

Behin betiko testuak aztertu zain, ELAk iragarri du akordioa Basauriko eta Gasteizko lantegietan aplikatzea eragozten saiatuko dela. Era berean, lantoki bakoitzean negoziazio propioak sustatu eta indartzeko lan egingo duela adierazi du.