BBK-ako zuzendaritzak bi langile espedientatu ditu maiatzaren 21eko greban parte hartzeagatik

2009/07/17
Kabiezesko haurreskolan BBKk bi langile espedientatu ditu, hutsegite larria egotzita, maiatzaren 21eko greban parte hartzeagatik. Haietako bat enpresa-batzordeko delegatua da, ELAren ordezkaritzaz.

BBKren Zuzendaritzaren arabera, bi langile horiek ez ziren azaldu lantokitik maiatzaren 21ean, eta hori “diziplinarik eta esanekotasunik eza lanean” delakoan Gizarte Ekintzaren Hitzarmen Kolektiboaren 67 artikulua hautsi zuten.

 

BBKren jokabide hori ez da itxurazkoa, eta ELAk, delegatuaren izenean, errekurtsoa jarri dio espedienteari, baliogabetzeko eskatuz eta greba-eskubidearen alde agertuz.

 

Dakizuenez, maiatzaren 21ean euskal gehiengo sindikalak grebarako deialdia egin zuen Hego Euskal Herrian, patronalaren lapurretari aurre egiteko, eta gobernuen gizarte-politika aldarazteko.

 

Greba-eskubidea Europako Batasunean funtsezko eskubidea izan arren, deialdiaren ondotik Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak gutxienezko zerbitzuen agindu bat eman zuen, haurreskoletan plantillaren %25eko gutxienezko zerbitzuak ezarriz. Grebaren dei-egileek errekurtsoa jarri diote aginduari gehiegikeria delakoan.

 

Kabiezesko haurreskolan BBKko Zuzendaritzak bere kabuz izendatu zituen gutxienezko zerbitzuetan aritu beharreko langileak, eta horietako bat ELAko delegatua zen. Gutxienezko zerbitzuak finkatu aurretik, aipaturiko langileak esan egin zion ikastegiko zuzendariari greba egiteko asmoa zuela. Eta hori begibistakoa da, gainera, enpresa-batzordeko kidea denez, sindikatu dei-egileetako baten ordezkaritzaz.

 

Gutxienezko Zerbitzuen Maiatzaren 18ko Aginduak honela dio “esandako zerbitzuetan, ahal dela, greba egiteko asmorik ez dutenak jarriko dira; eta enpresetako eta administrazio publikoetako zuzendaritzari dagokio eginkizunak eta langileak izendatzea, beti ere langileen ordezkariei nahitaez entzun ondoren”.

 

Oraingo honetan, ez zitzaien entzunaldia eman langileen ordezkariei, eta maiatzaren 20ko bileran zuzendaritzak izendatu zituen gutxienezko zerbitzuetan aritu beharreko langileak.

 

Zigorturiko langileak lantokira joan ziren, eta plantillaren %25 behintzat lanean zeudela ikusi eta gero, Giza Baliabideetako zuzendariari jakinarazi zioten greba egingo zutela, eta horregatik alde egingo zutela lantokitik egun hartan. Izan ere, 2009ko maiatzaren 18ko Aginduan ezarritako gutxienezko zerbitzuak bermaturik zeuden. Areago, ikastegiko plantilla hobeto osatzeko, talde ibiltariko bi langile ekarri zuten, grebalariak ordezkatzeko.

 

ELA-BBKtik galdegiten diogu BBKko Zuzendaritzari: Non dago zigor-gutunean aipatzen den diziplinarik eta esanekotasunik eza?

 

Gure ustez, egozten zaien hutsegitea ez da benetakoa; eta horregatik, delegatuaren izenean, aurka egin diogu zigorrari, funtsezko eskubide bat —greba-eskubidea— goitik behera urratu duelakoan.