ELAk uste du Hezkuntzan espezialitateen araberako zerrenda aurrerapena bada ere, argitzeke dagoela prozedura bera nola egingo den

2017/11/21
ELAk uste du Hezkuntzan espezialitateen araberako zerrenda badela aurrerapena, halere, gehitu duenez, argitzeke dago prozedura bera nola egingo den. Gobernuak zerrenda integratua (hizkuntzak eta espezialitateak jasotzen dituena) erabiltzea baztertzen du momentuz.

ELAk zerrenda integratua (hizkuntzak eta espezialitateak jasotzen dituena) aldarrikatu du hasieratik eta honen proposamen garbia Parlamentuan ere azaldu zuen, definizioa, adibideak eta abantailak erakutsiz. Estatuko beste erkidego gehienek horrelako zerrenda erabiltzen dute Hezkuntzan normaltasun osoz. Maria Solana kontseilariak, zerrenda integratuaren ordez, espezialitateen araberako zerrenda ezartzeko konpromisoa hartu du, bere esanetan, momentuz, hau baita babes legal eta teknikoa izan dezakeena.

Baina ekarri diguten proposamena ez dago behar bezala zehaztua, eta argitzeke dago prozedura bera nola egingo den. Hori dela-eta, ELAk exijitzen dio Hezkuntza Departamentuari ahalik eta lasterren plazara dezan prozedura, behar bezala aztertzeko, eta honek sortzen dituen kezkak argitzeko.

Maisu-maistren oposaketa deialdiari dagokionez, ELAk ongi ikusten du prozesua atzeratzea 2019ra, aukera emango duelako plaza gehiago ateratzeko; baina ELAk eskatu dio Departamentuari alde batetik, ikasteko baimen bereziak hartu dituzten langileei aukera emateko lanera itzultzeko, eta bestetik, kontratazio zerrenda guztiak irekitzeko, langile berriek ere aukera izan dezaten lanean hasteko.