Arabako Aldundiak aparteko paga kentzen die INDESAko langileei
Gerentziak dio legeak agintzen duela hau eta beste erremediorik ez dagoela; aurrez enpresa-batzordeari emandako hitza jan eta amarruzko formula baten bidez INDESAko langile minusbaliatuei, hileko 930 euro kobratzen duten hauei, abenduan zor zaiena kentzea erabaki du. Hori da nonbait gizarteratzeko modua.
Areago, ahulenei krisia ordaindu arazteko ildoan, dagoeneko ordainsari hori kobratu duten aldi baterako langileei deskontua egin die. Horrela, langile batzuk hil honetan 50 euro baino ez dute jasoko. Bizi ote liteke Gasteizen diru horrekin?
Gardentasuna eta konfiantza eskatzen digute. Zer konfiantza izan liteke enpresa batekin gauza bat esan eta kontrakoa egiten duenean, ahulenen kaltetan? Ez dugu pentsatu ere egin nahi erabaki hau hitzarmena ez sinatzearen edo mobilizatzearen zigorra izan daitekeenik.
ELAk moralik eza islatzen duen jokabide hau salatzen du; INDESAko arduradunei eskatzne diegu ez daitezela murriztea derrigorrezkoa delako sasi-argudio horren atzean ezkutatu, ezta kontuetan amarruak eginez, hau aurrekontuak indargeen daudenen lepotik koadratzea bailitzateke.
Halaber, Batzar Nagusietako talde politikoei eskatzen diegu beren jarrera zein den argi dezatela, eta Aldundiko agintariek ez bezala, izan dezatela gutxieneko elkartasuna beharginekin.