Cotronicek langileen grebarako eskubidea urratu zuela berretsi du Auzitegi Gorenak
ELAren iritziz, enpresak planteatzen zuen aldaketa iruzurrezkoa zen. Langileek 141 eguneko greba mugagabea hasi zuten. Bestalde, ELAk prozesua judizializatu zuen, eta Auzitegi Nazionalak berretsi zuen enpresak ezarri nahi zuen aldaketa ezin zela egin, eta baliogabetzat jo zuen.
Hori gutxi balitz, greban zehar ELAk ikusi zuen enpresak grebalariak ordezkatu zituela, greba-eskubidea urratuz. Beraz, horri buruzko demanda bat sartu zuen.
Auzitegietan urteak eman ondoren, Auzitegi Gorenak berretsi egin du Cotronicek grebarako eskubidea urratu zuela, egiaztatutzat jo baitu enpresak azpikontratatutako langileak erabili zituela greban zeuden langileak ordezkatzeko.
Beraz, Auzitegi Gorenak onartu egiten ditu ELAk eskatutako kalte-ordainak, eta enpresa kondenatzen du langile grebalari bakoitzari 7.501 euro ordaintzera kalte-galerengatik. Gainera, grebalari bakoitzaren soldata guztiak ordaintzera behartzen du enpresa, grebarako eskubidea urratzeagatik.
Azpimarratu behar da, halaber, gertaera horiek bi aldiz salatu zirela Lan Ikuskaritzaren aurrean. Bi egoera horietan, Lan Ikuskaritzak ebatzi zuen ez zegoela ordezkapenik, eta enpresa behar bezala ari zela. Horregatik, ELAk Lan Ikuskaritzaren eraginkortasunik eza ere salatu du, ez baitie estaldurarik ematen argi eta garbi frogatuta geratzen diren kasuei ere.