ELAk aurreakordioa baztertu du, benetako aurrerapenik gabeko hitzarmena delako
ELAren ustez, aurreakordioak ez ditu negoziazioan planteatutako aldarrikapen nagusietan benetako aurrerapenak jasotzen. Sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata igoerak, kontziliazioan aurrerapen nabarmenak, laneko arriskuen prebentzioan neurri eraginkorrak, aseguru-polizak indartzea eta beroaren aurkako protokolo sendoa barne, errelebo-kontratua, euskararen sustapena eta hitzarmenaren edukien betetzea bermatuko duten klausulak defendatu ditu.
Hala ere, sinatutako aurreakordioak urte batzuetan KPIari lotutako soldata igoerak baino ez ditu aurreikusten, lanaldiaren murrizketa 2029ra arte atzeratzen du, bi orduko jaitsiera huts batera mugatuz, eta ez du prebentzioaren arloan berme nahikorik jasotzen. Bereziki, beroaren aurkako protokoloak ez ditu enpresak behartzen ordezkari sindikalekin akordioak lortzera, eta ez da sartu hitzarmenaren edukien inaplikazioa mugatuko duen klausularik.
ELAk, gainera, Adegiren jokabidea salatu du aseguru polizen inguruko negoziazioan. Sindikatuak gogorarazi du lan istripu eta heriotzagatiko estaldurak 150.000 eurora igotzea eskatu zuela, eta maiatzaren 26ko bileran patronalak proposamen hori onartu zuela. Hala ere, azken bileran konpromiso hori negoziazio-mahaitik kendu zuen. ELAren iritziz, horrek aurrez adostutakoa ez betetzea dakar, eta osasun laboralaren eta prebentzioaren gisako gai sentikor batean seriotasun falta erakusten du.
Sindikatuak deitoratu du, halaber, LABek eta CCOOk aurreakordioa sinatzea erabaki izana, oraindik hitzarmenaren behin betiko testurik egon gabe. ELAren ustez, negoziazioa sektoreko lan-baldintzak eraldatzeko aukera aprobetxatu gabe amaitu da. Horregatik, langileei aurreakordioaren aurkako jarrera helaraziko die eta aste honetan egingo diren batzarretan ezezko botoa eskatzeko deia egingo du. ELAk azpirratudu behin eta berriz saiatu dela gainontzeko sindikatuekin lan koordinatu bat egiten baina ez da posible izan, eta honek ahultasuna dakarrela patronalaren aurrean.