Lanean izandako azken heriotzak salatzeko kontzentrazioak
Abuztuaren 23an, ostirala, Musiu S.L enpresako -Transportes Soutoren azpikontrata- gidari bat hil zen. Langilea enpresara sartzeko ateak zapalduta hil zen. Bestalde, abuztuaren 26an, astelehena, langile bat zendu zen Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan Bergaran, makina batek harrapatuta. Azkenik, atzo, abuztuak 27, langile bat zendu zen Oleta mendian (Aramaio), zuhaitz bat gainera erori eta gero. Dagoeneko 23 dira aurten lan istripuen ondorioz Hego Euskal Herrian hildako lagunak.
Biharko bilkura, berriz, Bergaran izango da, Elorregiko biribilgunean, abuztuaren 26ko istripua izan zen lekutik gertu. ELAk gogor salatu nahi du lan-ezbehar hau. Izan ere makina bat aldiz salatu dugu obraren parte horren arduradun den ETS azpikontratak lan hitzarmena urratu egiten duela, lanetan jardunaldi neurrigabeak eta legez kanpokoak egiten dituelako. Hamabi ordu baino gehiagoko lanaldiak ohikoak dira, eta badira egunean 17 orduz lan egitera behartzen dituzten langileak.