ELAk salatu egin du CCOO eta UGT-k sinatu duten sukaldaritza kolektiboko hitzarmen estatala
Joan den azaroaren 17an CCOOek, UGTk eta sukaldaritza kolektibo sektoreko patronalak estatu mailako lehen hitzarmena sinatu zuten. Horrela berriro erasotzen diote negoziazio esparru probintzialari, hain zuzen ostalaritzan, zehatzago enpresa gastronomikoei dagokienez.
Hitzarmenean jasotzen den gai zerrenda bat soilik estatu mailan negoziatzea aurreikusten dute, horrela hitzarmen probintziala hustuta geratuko litzatekeelarik.
Joan den uztailean ELAk, LABek, CCOOek eta UGTk EAE mailan kolektibitateetako negoziazioari ekiteko erabakia hartu genuen (arlo pribatuko eskola-jantokiak, enpresa-jantokiak, ospitaleak, sukalde zentralak) esparru honetan lan egiten duten beharginen baldintzak hobetze aldera, bere garaian sare publikoko eskola-jantokietan egin zen bezalaxe. CCOOek eta UGTk hitzarmen estatala sinatu izanak EAEko negoziazioari erasaten dio. Hitzarmen probintzialaren aitzindari omen direnek beren jokabidearekin guztiz kontrakoa adierazten dute. Hitzarmen probintzial eta autonomikoak usurpatu eta hustu egiten dituzte; beren sinadurarekin lan-baldintzak okertzen laguntzen dute. Duela gutxi praktika honen adibide ugari izan da: eraikin eta lokaletako garbitasuna, metalgintza, eraikuntza, sukaldaritza… Bestalde, merkataritzan eta bulego eta despatxuen sektoreak ere zentralizatzeko mehatxua hor dago.
ELAk salatu egin du sindikatu hauen jarrera; berton gutxiengo izan arren, estatu mailako ordezkaritzaz baliatzen dira Hego Euskal Herrian baldintza erregresiboak ezartzen saiatzeko.
Lanean jarraituko dugu sektore hauetan (eskola-jantokiak, enpresa-jantokiak, ospitaleak, sukalde zentralak) lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko, langileak antolatuz eta lantokietan borroka eginez.