ELAk Eusko Legebiltzarrean adierazi du aldi baterako 50.000 langile publikoen egoera finkatzea Jaurlaritzaren eta euskal alderdi politikoen esku dagoela
Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizen ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei eskatu die baldin eta bat badatoz egoera jasangaitza dela eta horrek benetan kezkatzen baditu, har ditzatela erabakiak 50.000 langile publiko horien enplegua finkatzeko.
Horrenbestez, ELAk azaldu du duela hainbat hilabetetik hona lantzen ari den proposamena. Berau gauzatuz gero aldi baterako lanpostua duten 50.000tik gora langileren enplegua egonkortuko litzateke.
Orobat, sindikatuak Jaurlaritzari eta alderdi politikoei esan die irtenbidea euren esku dagoela; orain dela horretarako une egokia, Madrilen Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutua aldatzekotan daudelako eta laster Gasteizen Kidego eta Eskalen Legea eztabaidatzen hasiko delako; hori dela eta, euskal alderdi politikoek honakoa bermatu behar dute:
1.- Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren aldaketak posible egin behar du gurean enplegua finkatzeko prozesu garantistak egiteko aukera; hala ez bada, alderdi politikoek ez diote Madrilgo Gobernuari sostengurik eman behar.
2.- Kidego eta Eskalen legegaiak langileen zati handi bati galarazi egiten dio lanpostua finkatzeko bidea; ondorioz, Gasteizen egiten den aldaketak enplegu egonkorrik ez duen kolektibo guztiari eman behar dio egoera bideratzeko aukera.
3.- Jaurlaritzak eta euskal alderdi politikoek hitz eman behar dute beren ardurapeko eremuetan finkatze-prozesu hauek gehiengo sindikalarekin adostuko direla.
ELAk gogora ekarri nahi izan du EAEko enplegu publikoaren datuak oso larriak direla:
- Erkidegoko enplegu publiko ratioa (ozta-ozta iristen da %12ra) EB-27 (%20) eta espainiar Estatukoak (%16) baino askoz apalagoak dira. Azpikontratatutako 100.000tik gora langilek dihardu oinarrizko zerbitzu publikoetan.
- Aldi baterako enplegu tasa %40tik gorakoa da, Estatuko eta Europako mailarik altuena; arlo pribatuko %23aren bikoitza da ia.
- Milaka langilek bizia jokoan jartzen dute krisi sanitario honetan, baina aldi baterako lan-kontratua besterik ez dute. Langile publiko asko eta asko behinbehineko kontratua dutela erretiratzen dira.
Azkenik, ELAk ez dauka zalantzarik mobilizazioa bultzatu behar dela, eta hauxe dela horretarako unerik egokiena; mobilizazioari uko egitea helburua bera baztertzea litzateke.
Beraz, ELAk lanean jarraituko du datozen egun eta asteetan enplegua finkatzeko helburura eramango gaituzten mobilizazioak egiteko.