ELAk greba mugagabea hasi du
ELAk, Donostiako Metropolitan kirol-zentroko langileen ordezkaritza duenak, greba mugagabea abiatu du gaur, lan-baldintza duinak aldarrikatzeko.
Mobilizazio honen arrazoia langileek pairatzen duten prekaritatea da. Izan ere, egungo lan-baldintzak estatu mailako hitzarmen baten menpe daude, eta soldatek nekez gainditzen dute Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS). ELArentzat, ordainsari horiek “erabat eskasak” dira, eta ez datoz bat Donostiako bizi-kostu altuarekin, ezta goi-mailako kirol-zentro baten eskakizun profesionalekin ere.
Greba mugagabearen deialdia enpresarekin izandako negoziazio faltaren ondorio da. ELAk salatu duenez, aurreko mobilizazioen ostean —joan den apirilaren 11ko kontzentrazioa barne—, enpresak ez du borondaterik erakutsi Gipuzkoako errealitatera egokitutako hitzarmen bat negoziatzeko.
ELAk adierazi du mobilizazioekin jarraituko duela langileen baldintzak nabarmen hobetu arte, eta enpresari dei egin dio elkarrizketara itzultzeko eta plantillaren aldarrikapenei erantzun diezaien.