ELAk kolektibo guztien lan baldintzak negoziatzeko eskatu du
Donostiako Amara Berriko anbulatorioaren aurrean egindako elkarretaratzean, ELAk salatu du Osasun Sailak ez duela borondaterik Osakidetzaren egiturazko arazoei heltzeko. Era berean, kritikatu du Eusko Jaurlaritzak lan baldintzak hobetzeko neurriak soilik hartzen dituela gatazka aktibo bat dagoenean.
Berriz ere gaitzetsi du SMErekin sinatutako akordioa, ez baitie medikuen kolektiboaren arazoei irtenbiderik ematen, aparteko orduak sustatzen baititu eta gainerako lanbide kategoriak bazterrean uzten baititu. Gogorarazi du soldatak hobetzeko ez dela lan zama handitu behar, eta lau urtean 2.000 fakultatibo gehiago kontratatzeko eskatu du, guardiak eta autokontzertazioa pixkanaka desagerrarazteko.
ELAk iragarri du grebak eta mobilizazioak sustatuko dituela Osakidetzako langile guztien lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Horretarako, aliantzak ehuntzen hasi dela azaldu du, “behar adinako intentsitatea eta iraupena” izango duen greba bultzatzeko eta kolektibo guztientzako lan baldintzak arautuko dituen akordio berria negoziatzera behartzeko.