ELAk babesten ditu Amurrioko eta Trapagako enplegua defendatzen jarraitzen duten afiliatuak
ELA Tubos Reunidosen afiliazioarekin batera ari da aztertzen Amurrioko eta Trapagako lantegietan Enplegu-Erregulazio Espedienteak (EEE) eragindako egoera. Sindikatuak azpimarratu du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak, bere akziodunen artean 170 milioi euro banatzean, zor izugarria eragin duela eta ondoren, EEE bat diseinatu duela langileak euren artean kaleratu daitezen (langileak elkarren aurka jarriz). Ildo horretan, onartezintzat jo du "plantilla batek bestearen kaleratzeei buruz erabakitzea".
ELAk berretsi du sindikatuaren zeregina ez dela enpresak nahi dituen kaleratzeak kudeatzea: “Tubos Reunidosen EEEa onartzeak egungo eta etorkizuneko enplegua suntsitzea legitimatuko luke, enpresaren arrazoiak ontzat ematea ekarriko lukeelako”, kexu da. Horregatik, ELAk babesa eman die enplegua hain baldintza zailetan defendatzen jarraitzen duten afiliatuei, bai Trapagan, bai Amurrion.