Eusko Jaurlaritzak defizita betetzeko gastua murrizten du

2016/04/06
ELAren ustez ez dauka bat ere meriturik defizita politika antisozialak ezarriaz betetzeak. Jaurlaritzaren aurrekontu-politika ortodoxia neoliberal hutsean kokatzen da.

Eusko Jaurlaritzak iragarri duelarik 2015eko ekitaldia BPGaren %0,69ko defizitarekin itxi dela (hartara Rajoy eta Urkulluren gobernuek adostutako %0,7 aintzat hartzen delarik), ELAk honako iruzkinak egin nahi ditu:

  • ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegiten dio 2015eko gastu errealaren berri eman dezala, baita sail eta partidaka nola banatu den ere. 2016ko apirila izanik ezin da onartu informazio hau oraindik ezkutuan mantentzea.

  • Eusko Jaurlaritzaren 2015eko aurrekontua egiterakoan oinarritzat hartu zen diru-sarreren aurreikuspena ez da bete. Zehazki, EAEko ogasunek espero zena baino 468 milioi euro gutxiago bildu zuten. Honek esan nahi du Jaurlaritzak 2015ean urte horretako aurrekontua erabaki zenean aurreikusitakoa baino 300 bat milioi gutxiago izan zuela bere esku.

  • 2015eko aurrekontua BPGaren %0,7ko defizit aurreikuspen batekin egin zen. Ekitaldiaren itxierak defizit maila hori errespetatu duela konfirmatuko balitz, kontutan izanik 300 milioi euro gutxiago zeudela, horrek esan nahi du defizita bete dela gastuari kopuru hori kenduta. Hots, Rajoyrekin hitzartutako defizita betetzeko murrizketa gehiago aplikatu dira.

  • Beraz, defizita betetzea ez da derrigor baliabideak ondo kudeatzea, ortodoxia neoliberal hutsa jarraitzen duen aurrekontu-politika ezartzea baizik: fiskalitate injustu batekin ez da behar beste diru biltzen, ezta urrundik ere, beharrizan sozialak asetzeko; gainera, gastua sail guztietan mozten da (osasuna, hezkuntza, etxebizitza, etab.). Urkulluren gobernuak argi esan beharko luke: “defizita bete dugu gizarte-gastura aurreikusitakoa baino diru gutxiago bideratu dugulako”.

  • 2015eko urrian Urkulluren gobernuan izan zen koordinazio ezari esker herritarrek jakin zuten Eusko Jaurlaritzak zer egingo zuen, diru-sarrera aurreikuspena ez zela beteko ikusirik: Erkoreka bozeramaileak esan zuen gobernuak “murrizketak egingo” zituela. Biharamonean, gauzak hain gordin agertzea saihestu nahian, Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak eufemismora jo zuen: “murrizketarik ez” da izango, “gastu-exekuzioaren egokitzapena” baizik. Horixe egin du, hain zuzen: Erabakitako aurrekontua ez bete, sailei aginduaz hitz emandako gastuak ez exekutatzeko.

  • Orduan ELAk adibide gisa esan zuen lehiaketa publiko ugari esleitzerakoan gertatzen ari ziren prezio-jaitsierak (hasieran ezarritakoa baino %50 apalagoa zenbait kasutan) eragiten ari dira azpikontratetako langile askok politika horren ondorioak pairatzea, esplotazio baldintzetan baitihardute azpikontratatutako lan edo zerbitzuetan. Horrelako egoerak eragozteko ELAk Legebiltzarrera eraman zuen herri-ekimen legegilea atzera bota dute EAJk eta PSE-Eek; besteak beste, esan dute “subrogazioa aitortuz gero ezin izango da merkeago lizitatu”.

  • ELAk exijitzen du zeharo aldattzea aurrekontu-politika (gizarte-gasturako partidak itxuraz gehitu behar dira) eta zerga-politika (iruzur fiskalaren jazarpena eta errenta altuen, enpresen eta kapitalaren onerako ezarri izan diren azken hamarkadetako jaitsierak indargabetzea).

  • Jaurlaritzak 2015eko gastuaren kopuru errealak ezkutatu egiten ditu, ohikoa den bezala bere lehentasuna propaganda egitea baita.