ELAk Fagorreko bazkide ez diren langileen egoeraz ohartarazi du

2013/10/29
Eusko Jaurlaritzari galdegin dio defendi ditzala ere aldi baterako, azpikontratetako eta industria laguntzaileko beharginak.

ELA kezkatuta dago MCC taldeko enpresetan bazkide ez diren langileen egoeraz. Sindikatua beldur da ez ote zaien oraingoan ere krisia ordainaraziko (talde kooperatiboan ohikoa izan den moduan). Sindikatua ez dator bat zenbaitek lasai hartu duten jarrerarekin, hots, bazkide kooperatibista ez direnak kaleratzea onartzen dutenekin.

ELA irtenbide horren aurka dago, eta urratsak egingo ditu aldi baterako langileak eta zuzenean zein zeharka azpikontratatuta daudenak defenditzeko. ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio MCCko langile guztien alde egin dezala, bazkide diren ala ez alde batera utzita.

Urriaren 16an Fagor Etxetresnakek aurre-konkurtsoa iragarri zuenetik, ELA arreta bereziz ari da jarraitzen enpresa honi buruzko informazioa. Egoera oso larria da hau, Euskal Herriko enpleguan eta sare industrialean eragin handia duena, baina gainera sindikatu honek gogora arazi nahi du gai honetan baduela parte izateko arrazoirik, izan ere, bapatean lanik gabe geratu den jende askoren ordezkari baita, esaterako, EDESAko langileena nahiz beste enpresa batzutako beharginena, zeinei egoerak nolabait eragiten baitie.

Halaber, ELAk parte hartu zuen joan den urriaren 18an Arrasaten Kontseilu Sozialak deitu zuen manifestazioan, eta bat egingo du MCCko lanpostuen alde egiten diren mobilizazioetan. Gainera, sindikatuak kooperatiba honetako zuzendaritzari bilera bat eskatu dio egoeraren berri zehatzagoa izate aldera, baina oraingoz ez da hitzordurik jarri.