Tibeteko herriarekin elkartasuna
2008/04/29
ELAk bere elkartasuna agertu dio Tibeteko herriari, subiranotasunaren eta independentziaren alde daraman borroka dela-eta. Azken asteotan ikusi ahal izan ditugun Tibeteko zezio larriek argi eta garbi erakutsi digute hango herritarren borondatea zein den: 1949. urtearen aurreko estatusa berreskuratzea, txinatarren inbasio militarraren aurreko estatusa, alegia.
Gogoratu beharrekoa da, baita ere, azken errepresio latza ez ezik, tibetarrek beste zigorraldi batzuk jasan izan dituztela lehenago, munduan aparteko oihartzunik lortu barik; lehena 1959. urtean, okupazio militarraren aurka herri-matxinada egin zutenean, eta txinatarrek, milaka hildako atzean utziz, zapaldu zutenean.
ELA harremanetan jarri da Tibeteko ordezkariekin, azken egunotan bisitaldia egin baitute Euskadin, eta bere elkartasuna eskaini die. Ildo horretatik, eta Maiatzaren Lehenean agerraldi jendetsua egingo dugunez Bilbon, bidezko borroka horren aldeko sinadura-bilketa egingo dugu, eta Tibeteko ordezkariek eman diguten bandera manifestazioan erakutsiko dugu harrotasunez.