nakba

ELAk maiatzaren 15ean deitutako mobilizazioetan parte-hartzera deitzen du

2026/05/14
ELAk maiatzaren 15ean deitutako mobilizazioetan parte-hartzera deitzen du
NAKBAren 78. urteurrena beteko den honetan, Palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidio antolatua salatzeko Euskal Herrian zehar deitu diren mobilizazioekin bat egitera deitzen du ELAk.

750.000 palestinar baino gehiago euren etxeetatik masiboki kanporatzea ekarri zuen Nakbak duela hamarkada batzuk, eta ordutik Israelen okupazioak bere horretan dirau, azken urte hauetan Palestinar herriaren kontrako erasoa izugarri gogortu delarik. 80.000tik gertu kokatzen dira dagoneko eraildako pertsonak, eta bien artean laguntza humanitarioa jasotzeko bideek itxita jarraitzen dute. AEBen oniritziarekin eta Europar Batasunaren isiltasunarekin ematen ari den genozidioa salatzen jarraitu behar dugu.

Israelek ezarritako blokeoa apurtzeko saiakera bakoitzak munduari gogorarazten dio milioika palestinar setiopean mantentzen direla, eta Mendebaldeko gobernuek —Europar Batasuna barne— konplize izaten jarraitzen dutela isiltasunaren, harreman komertzialen eta inpunitatearen bidez. Azken egunotan flotillaren aurka egindako bahiketak eta bi ekintzaileren atxiloketak berriro ere agerian utzi dute Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzeko duen inpunitatea, baita elkartasun internazionalista kriminalizatzeko borondatea ere. Hala ere, errepresioak ez du lortu Palestinarekiko elkartasuna isilaraztea; alderantziz, gero eta ozenago entzuten da herrien arteko duintasunaren eta erresistentziaren aldarria.

Gerra eta genozidioan oinarrituta negozioa egiten ari diren guzti horiek salatuz, Israelgo estatuarekin harremanak erabat etetea aldarrikatu behar dugu, maila instituzionalean, zein komertzialean erabateko boikota gauzatuz. Horregatik ELAk mobilizatzera deitzen du maiatzaren 15eko mobilizazioetan, aldarrikapen hauek kalera ateraz Palestina aske izan arte.

Manifestazioen ordutegiak:

Bilbo, 18:30 Plaza Eliptikoa

Iruñea, 22:00 Udaletxea

Donostia, 19:00 Bulebarra

Gasteiz, 19:00 Andra Mari Zuria