GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

ELAk partzialtasuna eta soldata arrakala mugatuko dituen aurreakordioa lortu du urtebeteko grebaren ostean

ELAk partzialtasuna eta soldata arrakala mugatuko dituen aurreakordioa lortu du urtebeteko grebaren ostean
Hitzarmen berriak % 75eko gutxieneko lanaldia bermatuko du prekaritateari aurre egiteko eta langileen disponibilitatea bertan behera utziko du. Gerokultoreen soldata 2.000 eurotik gorakoa izango da 2027an.

ELAk, %62,55ko ordezkaritzarekin, Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroen sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du. 2008a geroztik sektore honetan sinatuko den lehen eraginkortasun orokorreko hitzarmena da eta diarduten 5.000 langileri eragingo dio, gehien-gehienak emakumeak. Aurreakordio honek aurrerapauso handia dakar funtsezkoa eta oso feminizatua den sektore honetako lan-baldintzen bi gaitz nagusiri errotik egiten diolako aurre: borondatezkoa ez den   kontratazio partzialari eta soldata-arrakalari.

Donostiako LHKra gerturatu diren grebalariek, pozez eta hunkituta hartu dute 2025-2028ko indarraldia izango duen akordioa eta aho batez onartu dute. Orain, greba mugababean dauden 8 erresidentzietako asanbladek baieztatu beharko dute.
Aipamen berezia egin nahi du sindikatuak greba mugagabean dauden 8 erresidentzietako langileei. ELA izan da greba hauek deitu dituen sindikatu bakarra .Azken urte eta erdian langileek erakutsitako greba gaitasun eta ehundaka mobilizazio horiek gabe, patronalak ez lirateke hasierako posizioetatik mugituko. ELAk Foru Aldundiaren jarrera aldaketa baloratu nahi du. Aurreko urteetan gutxiengo hitzarmen antidemokratikoak bultzatu zituen. Oraingoan langileen eta egoilarren ahotsa entzun, gehiengo sindikalak errespetatu eta batzar nagusitan oposizio diren ezkerreko alderdiek bultzatuta sektorerako hobekuntza errealak ekarriko duen akordioa gauzatu da. 


Partzialtasunari galga eta kontziliazioaren hobekuntza
Aurreakordioaren ardatz nagusietako bat lanaldi partzialeko kontratuek eragindako egiturazko prekaritatearen aurkako borroka da. Testu berriak, lehen aldiz, % 75eko gutxieneko lanaldia bermatzen du; horri esker,milaka langilek lanorduak egutegian finkatu eta diru-sarrera duinak eskuratu ahal izango dituzte. Era berean, akordioak bertan behera utziko du orain arte langileei inposatzen zitzaien disponibilitatea eta kontratu jeitsiera , lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea erraztuz. Honetaz gain 60 urtetik gorako langileek 100 % kontratua izateko aukera izango dute 

Soldata-igoerak genero-arrakalaren aurka
Ordainsarien atalean, aurreakordioak erosteko ahalmena bermatzen du eta urrats irmoa ematen du zaintza-sektoreak pairatzen duen soldata-arrakalarekin amaitzeko. Lau urteetarako KPI aren igoeraz gain, beste % 2 ko soldata igoera emango da.  Igoera horri esker, gerokultoreen —zentroetako kategoria nagusia— oinarrizko soldatak hilean 2.000 euroko muga gaindituko du.
Gainera % 75 eko gutxieneko lanaldia bermatzen denez ez da gerokultorarik egongo 1.500 euro baino gutxiagoko soldatarekin.

Langileen ongizatea bermatzeko neurriak

Aurreakordioak sektoreko langile guztiei errelebo kontratua izateko aukera eta 60 urtetik aurrera ihardunaldia % 25ean murrizteko aukera aurrikusten du. Honetaz gain, langileen lan osasuna hobetzeko neurriak aurrikusten  dira eta soldata gabeko baimenetan hobekuntzak daude.
Gaixotasun bajei dagokionez,lehen IT kasu guztietan ( bai gaixotasun arruntetan eta baita ere gaixotasun profesionaletan), % 100 eko soldata bermatuta izango dute.

Euskarari dagokionez, euskara planak ordezkaritza sindikalarekin egiteko eta adosteko beharra ere dio akordioak.  

Langileak eta egoiliarrak kontuan hartuko dituen Zaintza publiko, doako, unibertsal eta kalitatezko baterantz urrats ezinbestekoa gaurkoa. ELAk eskerrak luzatu nahi dizkie borroka feminista eredugarri honetan bidelagun izan dituen egoiliarren senide, mugimendu feministak, pentsionistak eta bestelako eragile sozial zein herritarrak.