Enpresa handiei zergak jaistea adostu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk
ELAk txosten bat aurkeztu du gaur Nafarroako politika fiskala aztertzeko, Nafarroako Gobernuaren (PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin) eta EH Bilduren artean lortutako akordio fiskala baloratzeko eta sindikatuaren proposamenak biltzeko. Proposamen horiek zerga-bilketa handitu eta aberastasuna hobeto birbanatuko duen erreforma fiskal sakon baten beharra azpimarratzen dute. Aurkezpenean Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak eta Aitor Murgia gizarte politiketako arduradunak hartu dute parte.
ELAren iritziz, beharrezkoa da zerga-erreforma sakon bat egitea, gaur egungo “fiskalitate eskas eta bidegabea” zuzentzeko: bilketa osoaren hiru laurden langileriaren gain geratzen dira, enpresek Europan batez beste ordaintzen denaren erdia ordaintzen dute, Ondarearen gaineko Zergak biztanleriaren % 1ari bakarrik eragiten dio, eta zerga-iruzur handia dago.
Hala ere, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioak enpresa handiei zergak murrizten dizkiela salatu du ELAk. Zehazki, Sozietateen gaineko Zergaren tasa nominala %28tik %25era jaitsi dute, betiere enpresek enpleguari, ezbehar-tasari edo berdintasun-planei dagozkien baldintzak betetzen badituzte. Erraz lor daitezkeen baldintzak dira, eta, beraz, enpresa handi gehienek gutxiago ordainduko dute Sozietateen gaineko Zergan. “Merkataritza Ganberak, Nafarroako erakunde neoliberalenetako batek, positibotzat jo du Sozietateen gaineko Zergaren jaitsiera”, kexu da ELA.
“UPN Nafar Gobernutik atera zenetik, Sanzen eta Barcinaren garaiko fiskalitate eskasa eta bidegabea ez da lehengoratu, eta erreforma horrek Nafarroako fiskalitatea ere okertuko du”, adierazi du sindikatuak. PSN, Geroa Bai, Contigo Zurekin eta EH Bilduren politika fiskal honek ondorio sozialak ditu. 2015etik 2024ra bitartean, pobrezia-arriskuaren tasa %13,9tik %18,3ra igo da Nafarroan, hazkunde ekonomikoko hamar urte izan diren arren (aldi horretan bertan, BPG %41,5 hazi zen eta enplegua %20,1). “Pobrezia handitzea, oparoaldi ekonomikoetan, hamarkada honetan Gobernuko kide izan diren edo kanpotik babestu duten alderdi guztien porrota da”, baieztatu du ELAk.
PFEZaren inguruan adostutako neurriei dagokienez, sindikatuak positibotzat jotzen du errenta baxuenen gaineko presio fiskala arintzea, baina neurri horrekin batera errenta altuei eta kapitalari zergak igo beharko litzaizkieke, hain zuzen ere akordio honetan gertatzen denaren kontrakoa. Kenkari fiskalen bidez 15.400 eurorainoko alarguntasun- eta erretiro-pentsioei dagokienez, ELAk uste du oso irismen mugatua izan dezakeela, eta hala erakusten du neurri horretarako aurrekontuak. Era berean, aitorpena egiteko obligazioaren gutxienekoa 17.000 eurora igotzea eta pentsioak 15.400 eurora arte osatzea kontrajarriak izan daitezke, aitorpena egiteko obligaziorik ez badago.
Azkenik, ELAk deitoratzen du UPNren ezkerreko alderdiek uko egin izana kapitalaren eta enpresen pribilegioak zalantzan jartzeari. Langileriarentzat bidezkoagoak diren alternatiba fiskalei buruzko eztabaidarik ez planteatzea albiste txarra da eraldaketa sozialaren alde egiten duten erakunde guztientzat. ELAren ustez, ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituen anbizio handiko zerga-erreforma abiatzea; horretarako, ezinbestekoa da enpresek zerga gehiago ordaintzea.