OSASUNEKO MAHAI SEKTORIALA - NAFARROA

Osasun laguntzako irakasle elkartuei Osasun Departamentuak arazoak jartzen dizkie UPNAn klaseak emateko

2025/11/17
Osasun laguntzako irakasle elkartuei Osasun Departamentuak arazoak jartzen dizkie UPNAn klaseak emateko
Gainera, kritikatu du Osasun Departamentuak ez duela betetzen NUPekin sinatu zuen akordioa eta ez dituela langileak ordezkatzen, zeinak behartuak gelditzen diren ordu horiek berreskuratzea lanaldiaren gainetik.

Gaurko Osasuneko Mahai Sektorialean, ELAk irakasle elkartu asistentzialek NUPen eskolak emateko dituzten arazoak salatu ditu. 2023ko uztailaren 27an, NUPek hitzarmen bat sinatu zuen Osasun Departamentuarekin, osasun-erakundeek unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan kolaboratzeko. Besteak beste, Osasun Publikoko profesionalak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskuntza arautuan sartzea aurreikusten du, "laguntzako irakasle elkartuen" figura sortuz. 

Horrela, NUPeko eta Osasun Departamentuko ordezkariek osatutako Batzorde Mistoa sortu zen, Nafarroako zentro publiko sanitarioetako profesionalentzat gordetako irakasle elkartuen plaza kopurua finkatzeko. ELAk ordutik salatu du NUPek eta Osasun Departamentuak Batzorde Mistotik kanpo utzi duela sindikatuen parte hartzea.

Itun horrek aurreikusten du, unibertsitateen eta osasun-zentroen arteko itunetarako Estatuko araudiak ezartzen duen bezala, irakasle elkartu asistentzialek NUPen ematen dituzten eskola-orduak lanaldiaren parte izatea, eta plaza horiek aldi baterakoak izatea, urtero berritu behar baitira, gehienez ere 3 urtez.

Baina Administrazioak ez du hori betetzen, eta ondorioak ordaintzen  ituztenak, beti bezala, langileak dira, ordezkapena ukatzen baitie beren irakaskuntza-orduak konpentsatzeko (gehienez 3 astean), eta horiek berreskuratzeko  beharra ikusten ari dira, gehieneko lanalditik gora lan eginez, eta NUPeko gainerako irakasle elkartuek baino baldintza okerragoetan. 

Hori dela eta, ELAk berriro eskatu dio Osasun Departamentuari Batzorde  Mistoan parte har dezan, bere erabakiak ondo aztertu, justifikatu eta arrazoitu ditzan, inprobisazioari lekurik utzi gabe, eta hartutako kontzertu eta konpromisoak bete ditzan, langileak ordezkatuz lanaldiaren gainetik lan egin ez dezaten, horrek plantillaren lan-baldintzak  hobetzea eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzea ekarriko baititu.