Ane Alberdi: “Soilik sinatuko ditugu hilean gutxienez 1.600 euro bermatzen dituzten hitzarmenak”
ELAko Zerbitzuak federazioko 181 ordezkariek gaur Gasteizko Europa Jauregian izan den kongresuan Ane Alberdi hautatu dute idazkari nagusi berri izateko, botoen % 90,61ko babesarekin. ‘Berdintasunerako antolatu-Un sindicato para que ganemos tod@s’ izan da kongresua garatzeko hautatutako leloa; azken kongresutik hona federazioak izandako jarduerari buruzko kudeaketa txostena bozkatu da, baita hurrengo lau urteetan ekintza sindikala gidatuko duten bost ebazpenak ere: 1) Antolakuntza, inoiz baino beharrezkoagoa; 2) Berdintasunerantz antolatu; 3) Denok irabazteko; 4) Estatalizazioaren aurrean, esparru propioaren defentsa; y 5) Negoziazioa prestatu eskubideak irabazteko eta militantzia sortzeko.
Halaber, 10. Kongresu honetan ordezkari ziren 181 lagunek 30.992 afiliaturen izenean bozkatu dute zuzendaritza berria, Ane Alberdi idazkari nagusiarekin batera; ELA-Zerbitzuak federazioko Batzorde Iraunkorra honakoek osatuko dute:
- Ane Alberdi Legorburu: Idazkari Nagusia
- Irati Ugarte Díaz: Genero Ekitatea. Eskumaldea
- Janire Ornes Uriondo: Bilbo
- Garazi Garate Otsoa: Ezkerraldea-Kadagua, Gernika-Durango, Ibaizabal-Nerbioi
- Egoitz Iturbe Saez de Nanclares: Gasteiz
- Manex Elortza Larrea: Donostia, Deba
- Maria Uria Etxeberria: Oarso-Bidasoa, Oria-Goierri, Urola-Kosta
- Pablo Sanchez Gonzalez: Nafarroa
Zuzendaritza berria hautatzearekin batera federazioa utzi du Mari Cruz Elkorok, azken 11 urtean idazkari nagusi izandakoak. Kongresukideek agur beroa eman diote Elkorori; honek bere hitz-hartzean afiliazioak izandako bilakaera nabarmendu zuen: “Aurreko kongresutik hona 2.513 afiliatu gehiago izan ditugu, horietatik 1.468 emakume eta 909 migratzaile. Hauteskunde sindikaletan gaur 329 ordezkari gehiago ditugu; EAEn gure ordezkaritza 1,21 puntu hazi da, eta hiru lurraldeetan sindikatu nagusia gara; nabarmenena Gipuzkoako errealitatea da, non bigarren sindikatuak baino 20 puntu gehiago ditugun”.
Elkorok negoziazio kolektiboa nola desblokeatu den ere azpimarratu nahi izan du: “Orduan 76 hitzarmen zeuden blokeatuta, eta orain 18 dira, baina horretarako sektoreko 16 greba egin behar izan ditugu eta 105 enpresa eta lan-zentrokoak; datuek indartzen gaituzte, eta erakusten dute ELA erreferentea dela emakumeentzat, eremurik prekarioenentzat eta langilerik zaurgarrienentzat”.
Idazkari nagusiaren ardura utzi duen Elkororen azken hitzaldia izan da; federazioan 17 urte egin ditu, 11 idazkari nagusi lanetan: “Makina bat ahalegin eta lan egin ondoren ardura berriak hartzeko eta lekukoa beste belaunaldi bati emateko unea iritsi zait; lantalde berria oso konprometitua da, zer esan handia izango du eta oso prestatuta dago etorkizuneko erronkei heldu eta kongresuan hartzen diren konpromisoei erantzuteko".
Ane Alberdi: “Antolakuntza antifaxista inoiz baino premia handiagoa da,
eta horretan ELAk badu zer esana”
Bestalde, Ane Alberdik, ELA-Zerbitzuakeko militanteen sostengua eskertu du eta idazkari nagusi gisa bere lehen hitzaldia eman du. Gogoratu duenez, egungo garaia "ez da erraza: faxismoa indarrean dago, espazioa bereganatzen ari da, fisikoa, politikoa zein mediatikoa, eta bere diskurtsoa hedatzen ari da. Antolakuntza antifaxista inoiz baino premia handiagoa da, eta horretan ELAk badu zer esana”.
“Zerbitzuak federazioak -jarraitu du Alberdik- berdintasunaren alde lan egiteko antolakuntza hobetzeko erabakia hartu du. 'Berdintasunerako antolatu' ez da lelo huts bat, erabaki bat baizik: datozen urteetarako iparra izango da. Gure indar nagusia langileak ditugu, eta sindikatu honen eginkizuna da haien beharrizanei lehentasuna ematea. Hainbat borroka areagotu nahi dugu: antirrazismoa, feminismoa, LGTBI kolektiboaren eskubideak, aniztasun funtzionala duen jendea... Borrokatu beharra dago; antolatu eta politizatu egin behar dugu langileria oro har, berdintasunaren alde”.
Negoziazio kolektiboari dagokionez, Ane Alberdik hau nabarmendu du: “gaur Kongresuan erabaki duguna ez da txorakeria: ausart jokatu dugu; bermatzeko guztiok irabaziko dugula, negoziazio kolektiboan hilean gutxienez 1.600 euroen langa finkatu dugu. Hori erabaki irmoa da ELA-Zerbitzuaken. Hala ere, badakigu hori lortzeko behar-beharrezkoa izango dela negoziazio kolektiboari eta lantokien antolakuntzari buruzko prestakuntza garatzen”.
Negoziazio kolektiboari buruz, Alberdik gogoratu duenez, “ELA-Zerbitzuaken estatalizazioaren kontrako borroka oso luzeak izan ditugu: kolektibitateetan, merkataritzan... eta horri eutsi behar diogu datozen urteetan. Lan sindikala eta juridikoa konbinatuz estatalizazioaren aurkako borrokak garatu behar ditugu, guk geuk ondo baitakigu: hemen lan egiten dugu eta hemen negoziatu nahi dugu”.