ELAk greba berresten du, gaurko batzarra baliogabetzat hartuta
ELAk berresten du Amurrioko Tubos Reunidosen egindako batzarrak ez duela greba deialdia aldatzen, ezta langileen ordezkaritza legitimoak hartutako erabakiak ere. ELA, LAB eta ESK-ren iritziz, batzarra ez dator bat legezko araudiarekin, beraz, batzarra baliogabea da eta bozketak ez du eraginik greban. Gainera, deigarria da batzar horren sustatzaileek ez izatea inolako kritikarik enpresako zuzendaritzaren kudeaketari buruz.
Bestalde, maiatzaren 6an, enpresako zuzendaritzak Amurrioko Batzordea bilera batera deitu zuen hartzekodunen konkurtsoak eragindako egoera aztertzeko. ELAk salatu du bileran zuzendaritzak ez ziela modu zehatzean erantzun Amurrioko Batzordearen gehiengoak (ELA, LAB eta ESK) egindako galderei, eta hurrengo egunetan idatziz erantzutera mugatu zela. Enpresa Batzordearen gehiengoaren parte hartze aktiborik gabe (CCOO eta UGT esku hartu gabe egon ziren), bilerak ez zuen 20 minutu baino gehiago iraungo. Bilerak berriro agerian utzi zuen zuzendaritzaren gabezia enpresa kudeatzeko, eta gardentasun falta.
ELAk azpimarratu du egungo egoeraren erantzukizuna Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzari eta akziodunei dagokiela. Era berean, salatu du konkurtso prozesuari eta enpresaren benetako egoerari buruzko informazio, dokumentazio eta gardentasun falta, eta berresten du borrokan jarraituko duela Tubos Reunidosen bideragarritasunaren, jarduera industrialaren mantentzearen eta lanpostuen defentsan.