'Bolkstein zuzendaritza geldiarazi. Munduko merkataritza antolakundearen asmoak sakabanatu' dokumentuaren aurkezpena.

2005/10/21

ELA, LAB, STEE-EILAS, ELB eta HIRU sindikatuek Europako Bolkestein zuzentarauaren aurkako dokumentua aurkeztu dute gaur goizean. Dokumentuak salatzen duenez, Bolkestein zuzentarauak "enpresak Europako Batasuneko zenbait herrialdetara joatea errazten du; hain zuzen ere, presio fiskala, lan-baldintzak eta gizarte zein ingurumen-legeak motel eta bare dituzten herrialdeetara. Enpresak deslekutzea legeztatzen eta bultzatzen duen tresna izango da hasieratik ". Hau da aurkeztu duten dokumentua.

Bolkestein delako zuzentaraua Europako Batzordeak 2004ko urtarrilaren 13an onetsi zuen zuzentarau-egitasmoa da, zerbitzuen barne-merkataritza liberalizatzea helburu duena. Zerbitzu publikoak nahiz pribatuak liberalizatu nahi ditu, besteak beste, osasuna, irakaskuntza, garraioa, azpiegituren eraikuntza, suhiltzaileak, hileta-zerbitzuak, eta garbiketa. Zuzentarau hori Europako Parlamentuak noiz onesten duen zain dago, gizarte-mobilizazioek lehenago atzera botatzen ez badute.

Egitasmo horren helburua "zerbitzuen merkataritzari traba guztiak kentzea" da, eta giltzarrietako bat "jatorrizko herrialdearen printzipioa" izenekoa da. Horren arabera, zerbitzu-emaileak egoitza duen herrialdeko legeei baino ez die begiratu behar. Printzipio horren ildotik, eta zerbitzua zer den (zerbitzu publikoak barne) azaltzeko ematen den definizio zabalari esker, atea zabal-zabalik geratuko da pribatizazio gehiago egin dezaten, eta gizarte-dumpinga egin dezaten gizarte-arloan, zerga-kontuetan, soldatetan eta abarretan. Zeren eta:

1.- Enpresak Europako Batasuneko zenbait herrialdetara joatea errazten du; hain zuzen ere, presio fiskala, lan-baldintzak eta gizarte zein ingurumen-legeak motel eta bare dituzten herrialdeetara. Enpresak deslekutzea legeztatzen eta bultzatzen duen tresna izango da hasieratik.

2.-Enpresak horrelako paradisuetan (jatorrizko herrialdeetan) behin errotu eta gero, Europako Batasuneko beste edozein herrialdetan jardun dezakete bertako legeen menpe egon barik, eta jarduera hori erraztearren, estatuek eragozpenak kendu behar dituzte tokian tokiko legeriatik.

3.-Europako Batasuneko edozein herrialdetan kontrataturiko langileen lan-baldintzak enpresaren jatorrizko herrialdeko legeen araberakoak izango dira, eta horrek lan-baldintzen maila beherantz bultzatuko du Batasun osoan.

4.-Ekimen pribaturako diskriminatoriotzat jotzen diren lege-eragozpen guztiak kendu behar dira, eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko bidea guztiz urraturik geratuko da.

Datorren abenduan Hong-Kongen egingo den Munduko Merkataritzaren Antolakundearen VI. Gailurraren aurretiazko negoziazioak Genevan egingo dira urriaren 19tik 22ra arte, eta hara ere helburu berak eramango dituzte herrialde aberatsek. Gailur horren helburuak honako hauek dira: zerbitzu-merkataritzaren liberalizazioa (Bolkestein zuzentarauaren antzeko ezaugarriak, baina mundu-mailan), nekazaritzaren liberalizazioa, eta natur baliabideen pribatizazioa. Orain dela bi urte Cancunen porrot egin zuen agenda hura bera berriro eramango dute oraingo honetan ere. Orduan aurrera ateratzerik izan ez bazuten, herri-mobilizazioagatik eta garapen-bideko herrialdeen oposizio sendoagatik izan zen.

Bai Bolkestein zuzentarauak, bai MMAaren agendak helburu berberak dauzkate: zerbitzu publikoak merkatura atera, lan-baldintzak kolokan utzi, tokian tokiko nekazaritza zapuztu, eta ongizate-estatua desmuntatu.

Batak zein besteak jendea haserrearazi dute. Duela pare bat urte, jendearen sumindura horrek ezerezean utzi zuen MMAren Cancungo gailurra. Orain dela gutxi, Bolkestein zuzentarauaren aurkako jarrera erabakiorra izan da frantziarrek ezetza emateko Europako Konstituzioaren Itunari. Martxoaren 19an ehun bat mila lagun zuzentarauaren aurka manifestatu ziren Bruselan, eta Italiako zein Belgikako hainbat udal (Bruselako udala buru izanik) zuzentarauaren aurka azaldu dira, herritarrentzako zerbitzuak suntsitzen dituelakoan.

Urriaren 15a egun gogoangarria izan da, Europako Bataseuneko hainbat herrialdetan mobilizazio ugari antolatu baitira Bolkestein zuzentarauaren aurka eta Genevako MMAren Kontseilu Orokorraren aurka.

Hemen, Euskal Herrian, adierazpen hau sinatzen dugun sindikatuok prozesu bien edukiak gaitzetsi egiten ditugu eta horri aurre egiteko beste mugimendu sozial batzuekin batzeko dinamikak bultzatzera konprometitzen gara. Lehenengo pausoa da horrelako politikei aurre egiteko bidean, zeren hemendik urruti erabakitzen dira, baina hementxe bertan jasaten dugu eragina, eta gure gobernuek zehatz-mehatz eta gogotik aplikatzen dituzte. Eta lehenengo pauso hori Europako gainerako gizarte-mugimenduen eskutik eman nahi dugu, haiek ere gure helburu beren alde egiten baitute borroka.