Ia 39.000 euro ordaindu beharko ditu mantentze lanetako langile ohi baten osasunean eragindako kalteengatik
Eibarko Instantzia Auzitegiko Lan Arloko Sekzioak Oñatiko Udala kondenatu du mantentze-lanetako operario ohi bati 38.678,50 euro ordaintzera, erantzukizun zibilaren kontzeptuan, baja laboral luze batean pairatutako kalteengatik. Baja hori “zehaztu gabeko antsietate-nahasmendu” batekin lotuta dago.
Bidelagun Fundazioak (ELAren lan-osasuna sustatzeko fundazioak) aurkeztutako demanda onartu du epaiak, eta ondorioztatu du Udala dela langileak 2024ko otsailaren 29tik 2025eko urriaren 22ra bitarteko aldi baterako ezintasun egoeran jasandako kalteen erantzule.
Aurretik beste bi sententzia irmotan oinarritzen da ebazpen judiziala. Haietan zehaztu zen baja medikoa lan-istripu baten ondorio zela. Zehazki, auzitegiak frogatutzat jo zuen Udalak ez zuela langilearen postua egokitu, nahiz eta produktu kimikoak manipulatzeko eta haien eraginpean egoteko mugak izan.
Jada frogatuta geratu zen enpresaren erantzukizuna langileari eragindako kaltearen sorreran, hala nola ordenamendu juridikoak ezartzen dituen segurtasun neurriak ez betetzearen eta aldi baterako ezintasun egoeraren kausaltasun-harremana ere.
Bidelagun Fundazioa eta ELA pozik agertu dira epai honekin, eta gogorarazi dute zein garrantzitsua den lan-ingurune seguruak bermatzea eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzea. Haien ustez, ebazpen judizial honek agerian uzten du administrazio publikoetan prebentzio-kulturaren gabezia dagoela, eta lan-osasunaren babesa oraindik ere konpondu gabeko gai dela sektore publikoan ere.