Klima Aldaketari aurre egiteko COP31aren porrotak ez gaitu arritu
Bukatu da COP31 Antalyan, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko goibilera. Bilera hauen jarraipena egiten dugunontzat ez da inongo sorpresarik izan, porrota porrotaren atzetik izan baita azken hamabost urteetako COP guztien emaitza.
Hala ere, oraingo honetan, izan da ezberdintasunik. Orain arte goibileraren bukaeran beti lortzen zen herrialde guztiek sinatzen zuten dokumentu bat adostea, nahiz eta dokumentuak beti uzten zituen beharrezko aurrerapausuak kanpoan. Baina oraingo honetan, COPa azken dokumentu adosturik gabe geratu da. Hainbat herrialdek, Europar Batasuna barne, dokumentuak gutxiengoak ere betetzen ez zituela nabarmendu dute eta ez dute sinatu. Beste aldean egon dira petrolio eta gas produktoreak diren herrialdeak (herrialde arabiarrak, Errusia) eta emisio maila altuak dituztenak (Estatu Batuak, India). Proposatutako testuak kanpoan uzten zituen erregai fosilak eta klima aldaketara egokitzeko finantziazioa gehitzea, betidanik goibilera hauetan eztabaidagai egon diren puntu nagusiak, baina orain arte kanpoan geratu ez direnak. Ez dakigu ausardia kanpoan utzi dituztenak izan duten, edo ez sinatzea erabaki dutenak, baina azken emaitza ez da betikoa izan. Ez dago adostasunik. Iritzi publikoak porrota izan dela dio. ELAk beti esan izan du.
Langileon interesei dagokigunez, bazen beste puntu bat garrantzi berezia zuena: BAM mekanismoa. Iaz Belemen ospatu zen COPean onartu zen mekanismo hau, emisio gutxiko ekonomia baterantz egin beharreko trantsizioa langileontzat justua izango dela ziurtatzeko mekanismoa. Orduan onartu zen mekanismo hau sortzea eta aurten Antalyan adostu behar zen zein izango zen bere funtzionamendua eta nola finantziatu behar zen. Baina ez da adostasunik izan hemen ere. Mekanismo hau erabakitzeko ahalmenik gabea izatea proposatu zuten hainbat herrialdek eta gainera finantziazio nahikorik gabe. Edukiz hustu nahi izan dute Belemen proposatu zena, Europar Batasunak barne. Beraz, honetan ere ez da adostasunik izan. Sorpresarik ez langileon interes eta eskubideak kanpoan geratzean.
Eta orain zer?
Bi gauza gertatu daitezke. Bata, eta desiragarriena, akordiorik eza inflexio puntu bat izatea eta orain arteko goibileren dinamika erabat aldatzea. Ez gara hain inozoak eta desiragarriena den arren, badakigu hau gertatzea ia ezinezkoa dela (ezinezkoa ez esatearren). Beste aukera, posibleena (ziurra ez esatearren), beti egiten dena, hurrengo urterako utzi aurten egin ez dena, eta listo.
Hurrengo COP32a Etiopian izango da 2027an. Han adostu beharko dute adaptaziorako finantziazioa, erregai fosilak bertan behera uzteko bidea, herrialdeek bete beharko dituzten emisio murrizketak eta langileentzat justua izango den trantsiziorako mekanismoa. Betiko lehentasunak, beti bezala atzera uzten direnak. Eta hurrengo urteetako negoziaketetan ere kanpoan geratuko direla aurrikusi daitezkeenak.
Zoritxarrez, eta gehiegi huts egin gabe, gaur bertan aurreratu dezakegu Etiopiako COP32a ere porrota izango dela.