KPI

Elikagaien prezioak % 16,5 garestitu dira martxoan

2023/04/14
Elikagaien prezioak % 16,5 garestitu dira martxoan
Elikagaien BEZa kendu eta supermerkatuek iragarri dituzten prezioen ustezko beherapenak gorabehera, elikagaien prezioak % 16,5 handiagoak izan dira martxoan, iazko martxoarekin alderatuta. Urte arteko KPIa % 3,3koa izan da, eta azpiko tasak oso handia izaten jarraitzen du, % 7,5ekoa.

Elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioa %16,5 garestitu da martxoan, aurreko urtearekin alderatuta. Gogora dezagun Sanchezen gobernuak BEZa kendu ziela oinarrizko elikagai batzuei (ogia, esnea, gaztak, fruta, barazkiak, lekaleak, etab.), %4tik %0ra pasatuz. Gainera, supermerkatu askok prezioen ustezko beherapenak iragartzen ari dira, marketin maniobra argi batean. INEk argitaratutako martxoko datuen arabera, elikagai horien prezioak abendukoak baino handiagoak ziren. Horrek esan nahi du BEZaren murrizketak ez duela inolako eraginik izan, eta supermerkatuek tarte hori bereganatzen jarraitzen dutela. Hona hemen prezioen igoeraren adibide batzuk: azukrea %50 garestitu da, esnea %30, oliba olioa %32, arrautzak %24, patatak %21, txerri haragia %19 eta ogia %13.

KPIren urte arteko tasa % 3,3ra jaitsi da, otsailean % 6koa zenean. Horrek ez du esan nahi prezioak jaisten ari direnik. Izan ere, prezioak %0,4 igo dira otsailetik martxora, KPIren hileko aldaketak adierazten duenez. Urte arteko tasaren moteltzea, elektrizitatearen eta erregaien merkatzeaz gain, oinarri efektuaren ondorio da: Ukrainako gerraren ondoren inflazioa % 9,8ra handitu zen 2022ko martxoan. KPIak pasa den martxoa aurreko urtekoarekin alderatzen duenez, espero izatekoa zen tasa moteltzea, gertatu den bezala.

Hala ere, azpiko inflazioak oso maila handietan jarraitzen du, % 7,5ean; urte arteko tasaren bikoitza baino gehiago. Azpiko inflazioak elementu aldakorrenak baztertzen ditu, hala nola elikagaiak edo energia, eta horien etengabeko gorakadak erakusten du enpresak kostuen igoera produktuen eta zerbitzuen azken preziora eramaten ari direla.

Horri gehitu behar zaizkio interes tasen igoerak hipoteken prezioan dituen ondorioak. Euriborra % 3,647koa izan zen martxoan. Ondorioz, batez besteko hipoteka aldakorra urteko 3.600 eurotik gora garestitzea aurreikusten da, eta gaur egun sinatzen diren hipoteka finkoak ere garestitu egingo dira.

Beraz, argi dago kapitalaren erasoaldi berri baten aurrean gaudela. Enpresak egoera hori aprobetxatzen ari dira irabaziak handitzeko, eta langile klasea pobretzen ari da, batez ere errentaren zatirik handiena oinarrizko produktuetara eta etxebizitzara bideratzen duten familiak. Gainera, adierazi behar da soldatak KPIaren arabera eguneratu gabe daudela oraindik, eta, ondorioz, erosteko ahalmenaren galera gero eta handiagoa da.