BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

ELAk bilerak eskatuko dizkie hainbat erakunderi langileen eta egoiliarren oinarrizko eskubideak jokoan daudelako

ELAk bilerak eskatuko dizkie hainbat erakunderi langileen eta egoiliarren oinarrizko eskubideak jokoan daudelako
ELAk ezagutzera eman ditu Bizkaiko Egoitza eta Etxebizitza Komunitarioen Hitzarmenaren negoziaziora eramango dituen aldarrikapenak. Hauek negoziazio-mahaiaren bigarren bileran aurkeztu zituen, otsailaren 4an. Aldarrien taula osatzeko aurrez diagnostikoa egin zuen sindikatuak `Zaintzak gaixotu egiten du´ izeneko kanpainarekin batera; azterketa hark agerian utzi du beharginek aspaldiko urteetan salatu izan dutena: lan-kargak handiegiak dira eta langile kopurua ez da nahikoa. Honek kalte larria eragiten die langileen osasunari eta egoiliarrek jasotzen duten arretari.

Patronalarekin garatzen ari den negoziazioaz gain ELAk aurreratu du datozen hiletan bide instituzionala ere aktibatuko duela: “Erakundeei exijituko diegu ez daitezela ikusle huts izan; hartzen dituzten erabakiek eragin zuzena dute langileen osasunean eta egoiliarren duintasunean. Bestalde, zaintzak gaixotzen badu sistema huts egiten ari da”, nabarmendu du. 
Horregatik, ELAk bilerak eskatuko dizkie hainbat erakunderi: Emakunderi, sektore hau zeharo feminizatuta dagoelako eta prekaritateak, gainkargak nahiz kontziliaziorako ezintasunak gehienbat emakumeei eragiten dielako; Osalani, lan-arriskuak eta arrisku psikosozialak aztertzeko (lesioak, estresa, antsietatea edo akidura emozionala), baita Arartekoari ere, izan ere, langileen eta egoiliarren oinarrizko eskubideak baitaude jokoan: ezin da esan arreta duina ematen denik edo eskubideak errespetatzen direnik hori bermatzeko nahikoa behargin ez badago.  
Halaber, sindikatuak Bizkaiko Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiari hitzordua eskatuko die, nabarmendu duenez egoeraren ardura ez dagokielako soilik enpresei. Izan ere, sektore hau batez ere diru publikoz finantziatzen da, lan-baldintzak zuzenean erakundeetako aurrekontuen menpe daude eta hauetan erabakitzen da zaintza eredua. Horregatik, Aldundiari eskatu diote bere ardura aintzat har dezala eta enplegu duina, langile kopuru nahikoa eta kalitatezko arreta bermatuko duen eredu baterantz jo dezala. 
Hauek dira ELAk negoziazio-mahaira eraman dituen eskari nagusiak: 
Urteko gehienezko lanaldia laburtzea: Astean 35 ordutik 32 ordura pasatzea, lantaldeak indartuko direla ziurtatuz neurri honen ondorioz egoiliarren arreta ez dadin okerragoa izan. Lanordu gutxiago eta behargin gehiago, lan seguruagoa eta kalitatezkoa eskaintzeko. 
Lanaldi partzialeko kontratuak lanaldi osoko bihurtzea, enplegua hobetu eta lantaldeak sendotzeko. 
Gaueko txandan gutxienez bi langile izatea solairu bakoitzeko, langile bat ez dadin solairu oso baten arduradun izan (honek gehiegizko lan-kargak eta langileen zein erabiltzaileen osasun eta segurtasunerako arriskuak dakartza). 
Gainkarga fisikoak pairatzen ari diren 55 urtetik gorako langileentzako neurri espezifikoak. Esaterako, urteko gehienezko lanaldia laburtzea edo gaueko lanetik salbuetsita egotea. 
Errelebo-kontratua eta lana metatzeko aukera, hau baita modurik egokiena lan-ibilbideko azken urteetan langileen osasuna babesteko, gainkarga fisikoa arintzeko eta belaunaldien erreleboa bermatzeko. 
Soldatei dagokienez, IFASekin parekatzea eta antzinatasun, jaiegun, domeka eta gaueko plus hobetuak. Lan berari baldintza berdinak. 
Familia-eredu berriei egokitutako lizentzia eta baimen hobeak; bermatu behar da ohiko familiak ez ezik zaintza- eta babes-sare errealak ere babestea. 
Kaleratzearen kontrako babes sendoagoa.
Konpromisoak berdintasunean, euskaran eta trantsizio ekosozialean.