Euskal Herrian enplegu publikoa kontsolidatzeko oztopoak kentzeko eskatu dio ELAk Miquel Icetari
Ostegun honetan, martxoaren 11n, ELAko ordezkariak Miguel Iceta, Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin bilduko dira. Ministroak eskatuta egin den bileran, ELAko ordezkariek sektore publikoak Hego Euskal Herrian gaur egun bizi duen egoera larriaren berri eman dute. Egoera larri horren adibide gisa, enpleguari dagokionez, langile publikoen % 40 aldi baterakoak dira, 65.000 langile baino gehiago, eta, gaur egun, 120.00 langile baino gehiago azpikontratatuta daude funtsezko zerbitzu publikoak egiten.
ELAko ordezkariek adierazi dutenez, egoera hori Estatuak Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek eta toki- eta foru-erakundeek austeritatearen, esku-sartzearen eta zentralizazioaren alde egindako apustu politikoaren ondorio zuzena da. Ondorio larriak ekarri ditu, ez bakarrik langile publikoen lan-baldintzetan, baita herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publikoen kalitatean ere, pandemian agerian geratu den bezala. ELAk azpimarratu duenez, ez du ondorio okerragorik izan plantillaren ahalegin eta inplikazio handiari esker.
Bileran, ELAko ordezkariek bi eskaera zuzen egingo dizkiote Espainiako Gobernuari: lehenik eta behin, bertan behera utzi ditzala austeritate- eta esku-sartze-politikak; eta bigarrenik, gure herrian behar eta nahi ditugun zerbitzu publikoak erabakitzeko dugun eskubidea aitortzea, besteak beste, hezkuntzan, osasungintzan edota gizarte zerbitzuetan enpleguari eta lan-baldintzei dagokienez ditugun beharren inguruan berton erabaki ahal izatek
Testuinguru horretan, birjartze-tasei ere amaiera eman behar zaiela gogorarazi du sindikatuak, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren ( EPOE) 10. artikulua premiaz aldatu behar dela, gure administrazio publiko guztietan enplegua kontsolidatzeko prozesuak abian jar daitezen, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 65.000 langile publikoren enplegua bermatzeko. ldo horretan, ELAk bere garaian Iruña eta Gasteizko Gobernuko ordezkariei egin zien bezala, ministroari bere proposamena aurkeztu dio, kaltetutako kolektiboarekin eztabaidatzen eta lantzen ari den enplegua kontsolidatzeko proposamena, hain zuzen ere.
Ministroari aurreratu diotenez, ELA euskal alderdi politikoei eta Gasteizko eta Iruñeko Gobernuari ere eskatzen ari zaie urratsak eman ditzatela langile publikoen finkapena errealitate bihur dadin.
Helburu hori lortzeko, ELAk, beste sindikatu batzuekin batera, greba deitu du EAEko sektore publiko osoan apirilaren 22rako, eta Nafarroan ere aliantzak lantzen ari da helburu bera lortzeko.