ELAk bere sostengua ematen dio Nafarroako Gobernuaren ekitaldiari, polizia-indarren eta eskuin-muturreko taldeen biktimak omentzeko
2017/02/16
ELAk txalotzen du Nafarroako Gobernuak heldu den larunbatean, otsailak 18, eginen duen ekitaldia, Estatuaren segurtasun-indarren eta eskuin-muturreko taldeen biktimei herri-erakundeen aitortza agertzeko.
Sindikatuak ongi deritzo biktima guztiak halakotzat hartzea politikaren eta herri-erakundeen aldetik, ezinbesteko baldintza baita, egia, justizia eta medeapen edo ordaintza bilatzeko bidean, eta gizartearen printzipioak bakean eta elkarbizitzan gero eta sakonago errotu daitezen.
Alde horretatik ELAk lehenagoko gobernuen injustizia azpimarratzen du, ez baitute onartu nahi izan polizia-bortizkeriaren biktimen ahaideen sufrimendua. Horregatik, egunotan zenbait alderdi politikok omenaldiarekiko erakusten duten betiko aurkako jarrera ez da batere lagungarria, sufrimendua eta memoria osotasunean hartzeko.