ELAk txalotu egin du Gipuzkoako zahar-etxeetako langileen borroka

2013/06/14
ELAk txalotu egin du Gipuzkoako zahar-etxeetako langileen borroka
Adolfo Muñoz “Txiki”k, ELAko idazkari nagusiak, parte hartu du gaur Donostian Gipuzkoako zahar-etxeetako langileak egindako manifestazioan. Izan ere, gaur hilabete bete dute lan hitzarmenaren alde greban. Ordutik, zahar-etxe eta eguneko zentroen %80ak hitzarmenak sinatu dituzte Adegi patronalaren blokeoa gaindituz.

Muñozek LAB, CCOO eta UGT sindikatuei galdetu die zergatik ez dituzten esparruak ireki nahi enpresetan, kasu honetan bezala, sektorean patronalak ezartzen duen blokeoa gainditzeko.

“Hiru sindikatuok estrategia bera daukate. Esaten dute minimo sektorialak bermatu nahi dituztela. Baina ez dute esaten erreformaz gero hori ezinezkoa dela. Zergatik ezkutatzen dute hori?”

Bere hitzaldian, uztailaren 7a badatorrela gogoratu du, eta hitzarmen askoren ultraaktibitatea orduan bukatuko dela, eta “patronalak horretaz baliatu nahi duela xantaia egiteko, eta bere helburuak lortzeko”. “Patronalak badaki, gainera, laster PPk beste erreforma laboral bat egingo duela”, azpimarratu du eta honen aurrean, ELAk ez duela amore emango, eta “langileen lan- eta soldata-baldintzen defentsari eutsiko diola”, gaineratu du.

“ELAk badaki antzeko erreformak aplikatu diren lekuetan, ekintza sindikala eta enpresa mailako negoziazioa baztertu denean, enpresarioek aukera izan dutela lan-baldintzak modu unilateralean ezartzeko. ELAk ez du soldaten jaitsieran lagunduko; batetik, bidezkoa ez delako, eta bestetik, horren ondorioz enplegu gehiago suntsitzen delako”.

ELAko idazkari nagusiak zoriondu ditu Gipuzkoako egoitzetako langileak beren borrokagatik, orain dela hilabete hasi baitzen sektore honetako greba.